Espero zen bezala, jende uholdea bildu da gaur arratsaldean Azpeitian (Gipuzkoa) Inazio Uriaren aldeko hileta elizkizunean. 19:30ean hasi da meza, baina 18:00ak ingururako jendea hasi da Soreasuko Sebastian parrokira hurbiltzen.
Hortik 500 bat metrora dago Carmona beilatokia, eta hau egun osoan irekita egon da. 19:00ak aldera hasi da jendea bi lekuen arteko bidean elkartzen, eta pasilloa egin diete Inazio Uriaren senideei, hauek hilkutxa zeraman autoaren atzetik elizara joan direnean. Parrokia dena bete da, eta jende andana egon da eliz atarian eta inguruetan.
Ehunka herritarrez gain, hainbat eta hainbat pertsona ezagun joan da parrokira. Azpeitiko Udaleko EAJko, EAko eta Aralarreko ordezkariez gain, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Joseba Azkarraga EAko idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan sailburua, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua eta EBko koordinatzailea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Cristina Garmendia eta Magdalena Espainiako Gobernuko ministroak, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Kongresuan PPko bozeramailea, Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidentea, Rafa Larreina EAko legebiltzarkidea Gasteizen, Leopoldo Barreda EAEko PPko legebiltzarkidea, Patxi Zabaleta eta Jon Abril Aralarreko koordinatzailea eta koordinatzaileordea, Josu Jon Imaz eta Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohiak, Jose Mari Bastida Azpeitiko alkate izandakoa, Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea, Iñaki Anasagasti EAJko parlamentaria Madrilen, Ramon Etxezarreta Donostiako PSE-EEko zinehotzi ohia, Confebask eta Adegi enpresa elkarteetako ordezkariak, Pedro Miguel Etxenike fisikaria...
Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak eman du meza (20:35ean bukatu da). "Samindurik, sumindurik, hunkiturik gaude. Senar maite bat, guraso on bat, enpresari fin bat, herrizale bikain bat, kristau zintzo bat garbitu dute, ehiztariak aberea botatzen duen antzera. Gizon bat hil dute, Jainkoaren seme bat! Negargarria eta lotsagarria! Zergatik? Zertarako? Noren izenean?", esan du (haren sermoiko zati nagusiak hemen).
Milaka lagun manifestazioan
Inazio Uriaren aldeko mezaren ondoren hasi dute haren hilketaren aurkako manifestazioa, eta milaka lagun elkartu dira. Baliteke Azpeitian inoiz egindako manifestaziorik handiena izatea.
Hain zuzen, 20:47an hasi da protesta ekimena, ETA kanpora lelopean. Azpeitiko EAJko, EAko eta Aralarreko zinegotziek, eta Inazio Uriaren bi anaiak eta alaba batek eraman dute pankarta. Burua 21:24an heldu da bukaerara, plazara, eta Pedro Garcia Larragan kazetariak hartu du hitza.
Labur mintzatu da Larragan. Hasteko, eskerrak eman dizkie manifetazioan bildu diren denei, eta "ETA kanpora" aldarrikatu du. Euskal enpresari denei elkartasuna adierazi die, eta "egiten duten lanagatik gizarteak eskerrak" ematen dizkiela esan du. Inazio Uriaren familiari, lagunei eta lankideei elkartasuna eta dolumina agertu dizkie.
Bukatzeko, minutu bateko isilunea egin dute.
Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek, Adegik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek deitu dute manifestazioa. Azpeitiko EAJk, EAk eta Aralarrek bertan parte hartzeko dei egin zuten atzo.
ETA-ren atentatua Azpeitian
Jende uholdea bildu da Inazio Uriaren aldeko hiletan eta haren hilketa salatzeko manifestazioan
Ibarretxe, Azkarraga, Madrazo, Olano, Espainiako bi ministro, Lopez, Saenz de Santamaria, Patxi Zabaleta, Imaz, Arzalluz, Confebask eta Adegikoak... joan dira Azpeitiko parrokira, ehunka herritarrez gain. “Senar maite bat, guraso on bat, enpresari fin bat, herrizale bikain bat, kristau zintzo bat garbitu dute, ehiztariak aberea botatzen duen antzera", esan du Uriarte gotzainak. Meza ondoren hasi dute manifestazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu