Soziologo «ilundua» dela dio Xabier Aierdi Urrazak (Zeberio, Bizkaia, 1957), EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko soziologia irakasleak, kontu askok «kezkatzen» dutelako. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari ohia da, eta immigrazioa gaietan aditua. Europako Batasunak estatu ganberro baten gisa joka al dezake? izenburu adierazkorra jarri zion EHUko Udako Ikastaroetan astelehenean eman zuen hitzaldiari; Europako immigrazio politiken inguruko solasaldietan parte hartu zuen. Haren aburuz, gizarteko zenbait sektoretan oso barneraturik daude ideologia xenofoboak; baina ideiak jarreretara pasatzeko, faktore garrantzitsu batek esku hartu behar du: «Herritarrek portaera xenofoboak dituzte, uste dutelako administrazioak ez dituela haien jokabideak zigortuko. Eta azkenaldian Ingalaterran eta Norvegian jazotako sarraskiak ez dira kasualitatea izan».
Europako Batasuna ekonomian «erraldoi» baina politikan «ipotx» dela aitortu du Aierdik. «Immigrazioan? Etorkinen kontuan, Europak ez du politika bateraturik garatu. Erretorika handia dago gaiaren inguruan, integrazioa oinarri hartuta; hau da, gure artean hedatu zen lehen diskurtsoak zioen haiek hona etorri eta gure bizimodura ohitzeaz gain guk ere haiengandik ikasi beharko genukeela. Baina kontua oso bestelakoa da orain», nabarmendu du.
«Etorkinen inguruan bi ikuspegi nagusitu dira gizartean: akatsik gabekoaeta gupidagabea. Lehenengoa barneraturik duten herritarrek ez dute etorkinekiko ikuspegi negatiborik; bigarren diskurtsoa jarraitzen dutenek, ostera, atzerritar oro kaltegarria dela uste dute». Bada, soziologoak argi du bigarren diskurtso horretan jende askok sinesten duela eta hori, zenbait kasutan, portaeraren oinarri dela.
Espainian eginiko galdeketa batean datu interesgarriak lortu direla azaldu du Aierdik. «Herritarrei galdetzen zaienean ea immigrazioa arazo larritzat ikusten duten, jende nahikotxok baiezkoa ematen du; baina etorkinen auziak era pertsonalean eragiten ote dien galderari, aldiz, ezezkoa ematen diote askok». Soziologoak adierazi duenez, horren arrazoia argia da: behin eta berriro entzuten dute immigrazioa fenomeno kaltegarria dela, eta horregatik uste dute gizartearen arazo bat dela, baina eurei ez die zuzenean eragiten.
Aitzitik, errealitatea guztiz bestelakoa da. «Europako erakundeek aitortu dute 50 eta 70 milioi etorkin inguru beharko direla egungo sistema ekonomikoari eusteko, eta 600 milioi, giza piramidea berregituratzeko», jakinarazi du Aierdik. Gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoara etorritako etorkinen %40 emakume latinoamerikarrak direla eta hemengo zahartze arazoak konpontzen lagundu dutela gogorarazi du. «Europa osoko sektore aurrerakoiak oso zorrotzak dira, eta ez dute beren ikuspegietatik ateratzen den ezertxo ere bozkatu nahi; baina testuingurua oso bestelakoa da gure artean, eta etorkinak behar ditugu».
Egungo lan sistema ez dela iraunkorra, eta etorkizunean lan prekarietatea izango dela oinarriuste du: «Gaurko gazteek ez dezatela espero izan gurasoen ziurtasuna izango dutenik beharrari dagokionez. Azken belaunaldietan 10 milioi langile sartu dira lan mundura: bost milioi emakume, lau milioi etorkin, eta milioi bat gazte. Hori posible izan da lan merkatuan sartzeko aukera zegoelako; egun, ordea, erosten dena baino gehiago ekoizten dugu, eta, beraz, berriro ere lan prekarietate egoerara itzuliko gara, ez delako posible egungo soldatekin sistema ekonomikoari luzaro eustea».
Europaren etorkizuna
Aierdik ez du Europa «kosmopolizatu» eta «eurozentrikoa» aurreikusten, hainbat adituk bezala. «Nik ez dakit zein den gure geroa, baina argi dut mundua berriro pentsatu behar dela, ongizate estatua ez delako iraunkorra, eta oinarri moral berriak dituen prekarietatea garatu behar dugula sinesten dut».
Europako Batasuna sortzeko orduan, gizartean energia eta ilusio handia zeudela dio, baina horiek galdu egin direla, eta, uneotan, lider bateratu eta sendoen beharra dagoela. «Uste dugu Europa berez den baino handiagoa dela, demokratikoagoa; nik atzerrira esporta daitekeen Europaren eredua nahi dut, inor bazterturik uzten ez duena». Izan ere, atzora arte funtzionatzen zuten gizarteko eskemak zaharkiturik geratu dira Aierdirentzat, eta berrien bila abiatu beharra azpimarratu du.
«Uneotan, eskuineko alderdi eta mugimenduak batuta daude, eta harro daude beren buruaz; ezkerrak, aldiz, ez du oraindik gizarteko arazoei irtenbide bateratu bat emateko modurik pentsatu, ezta etorkinen aurrean nola aritu ere, eta, hori egin ezean, eskuina nabarmen gailenduko da », ohartarazi du.
Etorkinekin, «galduta»
Soziologoaren aburuz, immigrazioaren kontuan herritarrak oraindik «galduta» dabiltza: «Ertzaintzarengana joan ginen ikastaro bat ematera, etorkinekin nola jokatu behar zuten erakusteko. Haiek aitortu ziguten auzi horretan nahiko hankamotz daudela, eta, orain urte batzuk genero indarkeria kasuekin gertatzen zen moduan, etorkinekin oraindik nola aritu guztiz finkaturik ez dutela ».
Xabier Aierdi. EHUko soziologia irakaslea
«Jendeak jarrera xenofoboak ditu, uste duelako horrek ez ez diola zigorrik ekarriko»
Europako Batasunak hasieran zuen energia, ilusioa eta asmoak galdu ote dituen beldur da Xabier Aierdi soziologoa; Europak lider sendoak behar dituela uste du, immigrazioaren auzian politika bakar bat garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu