Alain Iriart. Bil ta Garbiko presidentea

«Jendeengandik hurbil ezarri behar dira hondakinak, kontzientziak inarrosteko»

Ia hamar urte behar izan dira Bil ta Garbi osatu eta hondakinen balorizaziorako bi egitura egiteko: Canopia, Baionan, errauste planta zegoen tokian, eta Mendixka, Zuberoan, Sarrikotapean.

BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bil ta Garbik 2013. urtean ezarriko ditu martxan Baionan (Lapurdi) eta Sarrikotapean (Zuberoa) jarri nahi dituen balorizazio eta metanizazio egiturak: Canopia eta Mendixka. Ordura arte Ipar Euskal Herriko hondakinen %60 Frantziako Girondera bidaltzen dira kamioiz, eta %40 inguru Senpereko Zaluaga zentrora (Lapurdi). Birziklatzearen kopurua %12tik %21era pasatu da tarte horretan. Lehentasuna hondakin kopurua murriztea dela dio Alain Iriart Bil ta Garbiko presidenteak.

Zortzi urtez birziklatzearen heina %12tik %21era pasatu da. Zer esanahi du horrek, aitzinatu dela edo bide handiegia dagoela egiteko?

Lorpen handia da %12tik %21era pasatzea. Bil ta Garbi sortu zelarik, errauste planta zaharkitu bat zegoen, hondakindegiak zaharkituak edo itxirik, eta aitzinera egiteko egiturarik ez. Finkatu genuen helburua, alegia, 2015erako hondakinen %21 birziklatzea.Toki bateko eta bertzeko hondakin kopuruak erkatzen direlarik, ikusten dugu gehienetan faltsuturik ageri direla. Ez da gure kasua. Emaitzak bikainak dira.Eta lan hori ez da egin jendeak bat-batean bereizi dituelako hondakinak. Hainbat elementu behar dira horretarako. Batetik, Bil ta Garbik bere tokia hartu du. Ehun bat ekintza ezarri ditugu plantan. Pentsatzen dut 2015ean %25 birziklatzera helduko garela, eta aise bikoiztuko dugula 2004ko kopurua. %25era heltzen garelarik, %35 izanen da helburua, edo %40.

2013an betekoa da hondakinak Girondera igortzeko epea, eta, hitzeman zenuten bezala, plantan egonen dira Canopia eta Mendixka hondakindegiak. Zer ondorio du?

2004an nehork ez zuen sinesten erdietsiko genituenik. Martxan izanen dira 2013an. Adostasuna lortzeko lan handia egin zen. Tresna onak behar genituen, ezduela 50 urte bezala. Lanak hasten dira Canopian eta Mendixkan. Ongi eraikieta jarraipen zorrotza egin behar dugu, hobekuntzak barneratuz.Ipar Euskal Herrian tratatuko ditugu bertako hondakinak, ez ditugu orain bezala Girondera bidaliko. Hondakindegi horietan birziklatzearen heina %50era helduko da, lurrustela eta metanizazioa eginez.

Auzibideak abiatu dituzte Baiona eta Sarrikotapeko biztanleek.

Beste kokagune bat balitz ere izanen ziren protestak. Bertze teknika batzuk hautatuz ere, protestak egonen lirateke. Erraustearen xedea hautatu izan bagenu, adibidez. Jendeek azken 50 urteotako jokabideak dituzte gogoan. Orain ez da hori gertatzen. Beste filosofia batean gara. Auzibideek ez dute deus trabatuko. Sarrikotapean inkestak egin ditugu, eta zuzenketak onartu. Baina erabakiak behar dira. Ez da normala Euskal Herriko hondakinak Girondera igortzea. Euskal Herrian bizi gara, etaguk konpondu behar dugu.

Bertze egitura bat dago, Bizi Garbia. Zergatik ez dago sindikatuan?

Duela sei urte, Hautetsien Kontseiluak ikerketa bat egin zuen, eta nabarmendu ez zegoela egiturarik, ez Lapurdiko kostaldean, ez barnealdean. Bizi Garbiak tresna eraginkorra zuen eta Bil ta Garbin ez sartzea deliberatu zuen. Beldur ziren, nonbait, Ipar Euskal Herriko hondakinak han sartuko zirela. Ez da horrela izan.

Bil ta Garbiren eskumena da hondakinen tratamendua, baina bilketa ez. Ez litzateke eraginkorragoa eskumenak Bil ta Garbirenak izatea?

Tratamenduaren eskumena hutsetik abiatuz hartu genuen. Canopia eta Mendixka martxan direlarik, bertze eztabaida bat hasiko da. Dagoeneko herri elkargo batzuek eskatzen digute bilketaz arduratzea. Aztertu beharko dugu. Hurbileko hondakindegien arteko koordinaketa egin dugu, eta herrietan egin daiteke.

Balorizazioa hautatu zen. Teknikari dagokionez, ez dago hoberik?

2004an errauste sistema baztertu eta balorizazioaren alde egin zen. Erraustean hobekuntzak egon dira, baina arriskua hor dagobeti. Kutsatzen dute, airea zikintzen, eta arduraz arituz ezin da horrelako sistema bat plantan ezarri. Balorizazioari dagokionez, menturaz 30 urteren buruan sortuko dira teknika hobeak.

Gipuzkoako hainbat herritan atez ateko bilketa dute, eta birziklatze kopuruak zuenak baino hobeak dira. %80 mitoa da edo lorgarria?

Gipuzkoako sistemak ezagutzeko bisitak antolatu ditugu. Biziki interesgarria da. Zenbat eta bereizketa handiagoa egin, bilketa zenbat eta hurbilago, emaitzak hobeak izanen dira. Baina iragartzen dituzten kopuruei buruz zuhur azaldu nahi dut.

«Zero zabor» aldarrikatzen dute ingurumenaren aldeko taldeek, sistema aldatu eta hondakinen pisuaren arabera ordaintzea. Posible da hori?

Nik ere gauza bera aldarrikatzen dut, baina errealitatea ez da hori. Nahiago dut argiki erratea zenbat tona landu behar ditugun eta zein diren helburuak. Ez dut arazoa gorde nahi, begi bistara egon behar du. Garrantzitsua da hondakinak jendeak bizi diren tokietatik hurbil egotea. Ez dira ezkutatu behar, jendeengandik hurbil ezarri behar dira, kontzientziak inarrosteko. Aldaketak nahi baditugu, hondakinak eguneroko kezka izan behar du. Pisuka ordaintzeak zerbait ekar dezake, jendeen ardura ernatzen duelako. Horretarako sistema informatikoa plantan ezartzea konplikatua da, baina egingarria. Egokia litzateke hemengo herri elkargoren batek saio hori egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.