Zerura begira egon dira goiz partean Getarian, San Anton eguna behar bezala ospatu ahal izateko. Eguraldiak azkenean lagundu egin dio Getariako erreginari, eta jende ugari batu da 2012ko txakolin uzta dastatzera.
Getariako plazan jarri duten karpa bete egin da txakolin uztaren aurkezpenean, eta han bertan izendatu dituzte Mahasti Jaun Andoni eta Pedro Arregi anaiak eta Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradia. Egaña, Lizaso eta Larrañagak bertso bana kantatuta amaitu dute ekitaldia. Ondoren, bildutakoek aurtengo uzta dastatzeko aukera izan dute. Guztira, 2.100 botila eraman dituzte ekoizleek. Sei euroren truke kopa erosi eta gero bost txakolin dastatu ahal izango dira.
Jose Inazio Manterola Getariako Txakolinaren Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzaileko zuzendariak azaldu duenez, "aurtengo txakolina oso usaintsua da, lasto kolorekoa, garbia eta garraztasun apur batekin, txinparta eta guzti".