Sevilla II kartzelan dauden euskal presoek ostegunean utzi zuten bertan behera hilabete lehenago hasitako gose greba, eta haien senideek egun horretan bertan eskatu zuten presoen egoera salatzeko lekukoa herritarrek hartzeko. Hala egin zuten atzo Donostian milaka lagunek.
Sevilla II SOS! Euskal Presoen eskubideen alde lelopean egin zuten manifestazioa. Amaierako ekitaldian, Imanol Haranburuk, presoen lagun eta senitartekoen izenean, salatu zuen giza eskubideen urraketa ez dela "inoiz onargarria" izan, baina gaineratu zuen "are larriagoa" dela "gaur egungo testuinguruan espetxe politika anker hori mantentzea".
Ildo beretik mintzatu zen Sortuko Gipuzkoako koordinatzaile Joxean Agirre: "Are ulergaitzagoa da garai politiko berri honetan halako urraketak egitea. Behin eta berriro esaten dugu gauzak aldatu behar direla, espetxe politika berri bat indarrean jarri behar dela".