Azken egunetako mobilizazioetan bezala, jendetza elkartu da gaur Iruñean, sanferminetako sexu erasoaren epaia salatzeko. Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, 35.000 pertsona baino gehiago izan dira.
Nafarroako Auzitegiak sexu eraso delitua baztertu eta gertatutakoa abusu gisa izendatu izanak amorrua eragin du herritarren, instituzioen eta eragile sozialen artean, eta, sententziaz harago, askok zalantzan jarri dute justizia sistema bera. Amorru hori erakutsi dute gaur milaka lagunek Iruñeko manifestazioan.
Ia ibilbide guztia bete dute jendez, eta manifestazioaren burua Gazteluko plazara iritsi denean Justizia Jauregi aurretik ateratzen ari ziren azkenak. Bukaerako ekitaldia amaitu denean ere, jendea Gazteluko plazara sartu eta sartu ari zen.
Horrela dator jendetza Sarasatetik. Gazteluko plazarako sarrera erabat beteta dago jada. @berria#NikSinestenDizutpic.twitter.com/58knCsZ2LQ
— Samara Velte (@samaravelte) 2018(e)ko apirilaren 28(a)
Eta jendetsua ez ezik, zaratasuna ere izan da manifestazioa. Beltzez jantzita joan dira batzuk, eta pankartak eskuan, amaigabeak izan dira oihuak.
Oso-oso manifestazio aktiboa izaten ari da. Aurrealdean doazen emakumeak oihuka, txaloka eta saltoka ari dira etengabe. Ez dago isilunerik. #NikSinestenDizut@berriapic.twitter.com/ehRkBWWLYk
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 2018(e)ko apirilaren 28(a)
Era guztietako jendea elkartu da manifestazioan, eta haien artean, oso jende gaztea.
Jende oso gaztea dago #NikSinestenDizut manifestazioan. Asko M8an atera ziren lehenbizikoz kalera mugimendu feministak deituta. @berriapic.twitter.com/M44k71kMth
— Samara Velte (@samaravelte) 2018(e)ko apirilaren 28(a)
Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkari ugari ere batu dira manifestaziora, baina ez dute protagonismorik bereganatu nahi izan, eta aurrealdean joan beharrean, jende olatuaren erdian ibili dira gehienak.
Manifestazioa hasi aurretik, Ahal Dugu-ko parlamentari eta Andrea Lilak taldeko ordezkari Tere Saezek sanferminetako talde bortxaketaren sententzia kritikatu du: "Ongi deskribatzen du gertatutakoa, baina bukaeran, epaileak ez dira gai izan gertatutakoa sexu eraso gisa sailkatzeko; eta horixe izan zen, eraso bat".
Iruñeko Mugimendu Feministaren izenean, Uxua Alvarezek testuinguruan kokatu nahi izan du manifestazioa: "Sententziaren aurkako erantzun zuzena da, baina ez hori bakarrik, emakumeok pairatzen dugun indarkeria patriarkalaren aurkako mobilizazioa ere bada. Ez da komeni fokua eraso bakar batean jartzea, hau egunero gertatzen den errealitatea delako, eta ez ditugu gainontzeko kasu horiek guztiak ikusezin bihurtu nahi".
"Sistema heteropatriarkalak dena ongi lotuta duela" erakutsi du epaiak, manifestazioaren bukaeran salatu dutenez. Eta feminismoak aspaldikoa duen leloa esan dute ozen: "Ez dugu ausart izan nahi, aske baizik". Autodefentsa feminista defendatu dute.
Baionan ere bai
Baionan ere egin dute elkarretaratzea, gaur, sanferminetako bortxaketaren epaia salatzeko. Erasoak sanferminetan ez ezik Euskal Herriko beste jaietan ere gertatzen direla salatu dute, eta hala ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu diete agintariei. Hiru urrats zehatz eskatu dituzte: "Tolerantziarik gabeko politika bat eramanez bortizkeri sexisten aurka, bortizkeria sexisten biktimen segipena beren gain har dezaten, eta parte zibil gisa jarriz, auzi bat gertatzen denean".
Elkarretaratzea goiz huntan Baionako merkatuan. Ez da abusua, bortxaketa da! #NikSinestenDizutpic.twitter.com/sQKDJlHDQh
— Aitzina! (@Aitzinagazte) 2018(e)ko apirilaren 28(a)