Igande honetan Azpeitian Kilometroetan "jendetza" espero dutela iragarri dute gaur antolatzaileek: Ikasberri Ikastolakoek. Eguraldia lagun izango dute, iragarpenen arabera eguzkia izango baita egun osoan.
Kilometroetara joaten direnek Reala-Athletic Espainiako Lehen Mailako futbol partida ikusi ahal izango dute, festaren antolatzaileek ibilbidean pantaila handiak jarriko dituztelako: bigarren gunean pantaila erraldoia —Garmendipen— eta bi gunetan txikiagoak —zehazteke dute non—. 12:00etan hasiko da partida.
Azpeitira iristeko garraio publikoa erabiltzeko dei egiteaz gain, antolatzaileek esan dute autokarabanak aparkatzeko lekua ipiniko dutela Azpeitiko Institutuan. Bizikletak aparkatzeko gunea ere egokituko dute, Loiolan.
Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du festan bere ordezkaria Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua izango dela. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere jaian izango da.
Ikasberri Ikastolak behar berriei erantzuteko antolatuko du aurtengo Kilometroak jaia. "Administrazioen finantzaketa planak motz eta zaharkituta geratu zaizkigu. Gainera, urte gutxi barru ez gara egungo eraikinean sartuko. Behar ekonomikoak handiak dira. Ikastolen proiektu berritzailea zabaltzen jarraitzeko erronka era badugu, eskualdean bakarra baitago", esan zuen astelehenean Aitor Unanuek, Ikasberri ikastolako lehendakariak.
Egitarau zabala prestatua dute iganderako.