ikastolak

Jendetza izan da Eskola Txikien Festan, Larraulen

25 urte bete ditu aurten jaiak. Egun osoko festa izan zuten atzo: eskulanen tailerra, musika eta pailazoen ikuskizuna izan ziren, besteak beste.

2012ko ekainaren 4a
09:41
Entzun

Eskola Txikien 25. Festa izan zuten atzo Larraulen (Gipuzkoa). 10:00etan ekin zioten festari, txupinazoarekin, eta iluntzera arte eskulanak egiteko aukera, Pirritx eta Porrotxen emanaldia, bazkaria, animalien gunea, musika eta erakusketa bat izan ziren, besteak beste. Festaren antolatzaileak pozik agertu dira egindako ahaleginaren ondotik jaiak harrera ona izan duelako.

Eguerdian ekitaldi ofiziala egin zuten, eta han izan ziren Gipuzkoako hainbat ordezkari; tartean, Martin Garitano ahaldun nagusia. Aldundiak "landa garapen orekatua" bultzatzea helburu duela adierazi zuen, eta ahalegin horretan, eskola txikiak "babestu eta indartu" behar dira, haren ustez.

Eskola txikien dokumentala

Eskola Txikien Festaren 25. urteurrena ospatzeko, eskola txikiei buruzko Eskola bizia, herri bizia dokumentala ere egin dute aurten, eta Tolosan aurkeztu ondoren, Larraulen eskaini zuten atzo.

Gipuzkoako eskola txikien mugimenduaren lekukotasuna jasotzen du dokumentalak. Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeak egin du, Iñaki Alcalderen eskutik. Gurasoek, irakasleek, ikasleek eta udal ordezkariek euren esperientzia kontatzen dute. Euskara hutsean egina dago, gaztelerazko eta ingelesezko azpidatziekin. 

Datorren urtean Olaberrian antolatuko dute Eskola Txikien Festa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.