Antoniutti parketik Baluarteko plazara bitarteko ibilbidea egin dute milaka lagunek Iruñean, Grande Marlaska epaileak konponbiderako mahiaren aldeko manifestazioa galarazi duela-eta, eskubide zibil eta politikoen aldeko mobilizazioan.
Hain justu, 18:00etako manifestazioa bertan behera geratu denez, 18:30ak baino dezente lehenago hasi da jendea biltzen Antoniutti parkean. Hala ere, 18:40 aldera abiatu da manifestazioa: lehendabizi Eskubide zibil eta politikoen alde jartzen duen pankarta, eta haren atzetik milaka lagun.
Milaka herritar horien artean ziren Batasuneko, EAko eta LABeko buruzagiak; besteak beste, Batasuneko Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Perando Barrena, EAko Rafa Larreina eta Maiorga Ramirez eta LABeko Rafa Diez eta Txutxi Ariznabarreta. Independentziaren aldeko oihuak izan dira nagusi.
Baluarte plazara bitarteko bidea egin dute, eta han Castillo Suarez idazleak agiri bat irakurri du. Konponbidearen aldeko manifestazioa galaraztea prozesu horren aurkako oztopoa dela adierazi du, baina, hala ere, manifestazioaren deitzaileek Euskal Herriaren alde lanean jarraituko dutela. Eragile guztiei dei egin die bakearen eta demokraziaren alde engaia daitezen.
Arestian aipatu bezala, Grande Marlaskak ez du galarazi eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko manifestazio hori, Batasunak antolatutakoa dela ziurtatzeko adinako zantzurik ez duelako antzeman, baina, hala ere, mobilizazioa zaintzeko agindu die Espainiako segurtasun indarrei. Zehazki, "Batasunaren jardunak eteten dituen urtarrilaren 17ko autoa" urratuz gero manifestazioa galarazteko agindu die Grande Marlaskak poliziei.
Nolanahi ere, hasieran beste manifestazioa bat zen gaur Iruñean egitekoa: konponbiderako mahaiaren aldekoa, hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek deituta. 18:00etan abiatu behar zuen Golem zinemetatik, baina antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute.
Izan ere, Grande Marlaskak debekatu egin zuen manifestazio hori, eta antolatzaileek helegitea jarri zuten erabaki horren aurka. Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, ez dio 18:00etarako helegiteari erantzun, eta, ondorioz, galarazpenak indarrean jarraitzen zuen. Hori dela eta, antolatzaileek ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute "liskar irudirik" ez emateko. Izan ere, Txutxi Ariznabarreta LABeko komunikazio arduradunak agertu duenez, horixe da debekuaren bultzatzaileek lortu nahi zutena, manifestazio hori liskarrekin lotzea. Nolanahi ere, galarazpena onartezina eta "neurri faxista" dela salatu du.
Politika
Jendetzak parte hartu du Iruñean eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioan
Milaka lagunek egin dute bat Iruñean eskubide zibil eta politikoen alde herritar talde batek deitu duen manifestazioarekin. Besteak beste, Batasuneko, EAko eta LABeko buruzagiek parte hartu dute. Grande Marlaska epaileak ez du manifestazio hori galarazi, baina segurtasun indarrei agindu die hurbiletik zaintzeko. Hala ere, ez da arazorik izan. 18:00etan konponbiderako mahaia abian jartzeko eskatuz abiatu behar zuen manifestazioa, ordea, bertan behera utzi dute antolatzaileek, galarazpenak indarrean jarraitzen zuenez, "liskar irudia" saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu