politika

Jesus Egiguren, Anoetako proposamenaren aurkako epaiketako lekuko

Auzipetuen defentsak eskatu du PSEko presidenteak deklaratzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu du eskaera eta Egigurenek jakinarazi du han izango dela. Azaroaren 11n hasiko dira Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez epaitzen, "terrorismoa goratzea" egotzita.

2010eko urriaren 28a
13:20
Entzun
Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea izango da Batasunak 2004ko azaroaren 14an Anoeta Donostiako belodromoan gatazkaren konponbiderako egindako proposamenaren aurkako epaiketako lekukoetako bat, auzipetuen defentsak eskatuta. Auzitegiak onartu du eskaera eta Egigurenek jakinarazi du han izango dela.

Azaroaren 11n hasiko dira Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak epaitzen Espainiako Auzitegi Nazionalean, "terrorismoa goratzea" egotzita.

Azaroaren 11 eta 12an eseriko dituzte akusatuen aulkian ezker abertzaleko hiru buruzagiak. Fiskalak hemezortzina hileko espetxe zigorra eta hamabina urteko inhabilitazioa eskatu ditu hargatik, eta herri akusazio gisa Ermuko Foroak bina urteko espetxeratzea eta hogeina urteko inhabilitazioa.

2004ko azaroko proposamen haren aurretik ere Egigurenek hainbat elkarrizketa izan zituen Otegirekin.

Anoetako proposamen zehatzak

25 urtetako ibilbidearen errepasoa egin ondoren, estrategiaz aldatzeko unea zela ondorioztatu zuen Batasunak. Neurri zehatzak proposatu zituen.

- Bakea lehentasun. "Ezker abertzalearen ardura da gatazka politiko eta armatua kaletik atera eta konponbide mahaira eramatea», dio txostenean.

- Elkarrizketa eta akordioa. Alde anitzeko prozesua abiatzea proposatu zuen, "gatazka politiko eta armatua gainditu eta eskubide ororen errespetuan oinarritutako eskenatokia" helburu hartuta.

- Konpromiso zehatzak. Elkarrizketak abiatzeko zazpi konpromiso hartzeko prestasuna azaldu, eta gauza bera egiteko eskatu zien gainerakoei: sustraiei eutsi eta irtenbide demokratikoa aurkitzekoa; euskal herritarren hitza errespetatzekoa; hitz-emate hori era baketsuan izateko neurriak hartzekoa; pentsaera politiko ezberdinen atxikimendua bilatzekoa; ezberdintasunak "inposaketarik gabe, era baketsuan" konpontzekoa; "esklusiboki bide politiko eta demokratikoak" erabiltzekoa; eta, akordioan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala zein NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen itunak txertatzekoa.

- Akordiorako bi mahai. Konponbiderako bi bide bereizi zituen lehen aldiz: Euskal Herriko eragileen akordio politikoa, batetik, zeinak herritarren onespena beharko zuen; bestetik, ETA eta Espainiako zein Frantziako estatuen arteko akordioa desmilitarizazioari, preso eta iheslarien egoerari eta biktimenei buruz soilik arituko ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.