Jesus Etxebarria eskultore eta zizelkaria gauerdian hil da Kanboko (Lapurdi) bere etxean, 93 urte zituela, Kazeta.info-k zabaldu duenez. Haren aldeko hileta elizkizuna larunbatean eginen dutela jakinarazi dute senideek.
Etxebarria Baranbion (Araba) jaio zen 1916, urtean. Frankisten altxamenduaren ondoko gerra puri-purian zela, 1937an, Santoñan (Kantabria, Espainia) atxilotu zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Zortzi urte eman zituen preso, eta aske utzi zutenean, Bidasoa igaro eta hasieran Frantzian egokitu zen, emaztearekin.
Emaztea, Maialen Gastigard, irakaslea zenez, hasieran Dordoñan bizi izan ziren, eta gerora Ipar Euskal Herrira aldatu ziren, Lapurdira.
Etxebarria adinez aurreratu samarra zela hasi zen eskulturak egiten. Egurra landu zuen batik-bat, noiz edo noiz harria ere zizelkatu bazuen ere.
Bere lanak hainbat tokitan erakutsi zituen, eta hamaikatxo sari jaso zituen urteotan guziotan. Besteak beste, Parisko Perystile erakustokian (1959-1960), Dordoñan (1966)... ikusgai izan zituen lanak. Dordoñan jaso zuen, hain zuzen ere, lehenbiziko sari garrantzitsua, Andre Mauroisen Kritika Saria. Baiona Hiria eta Eusko Ikaskuntza sariak ere lortu zituen.
Horrez gain, Pauen (1971), Parisko Pompidou Zentroan (1979an, arrakasta handiz), Baionako Zabal erakustokian, Gasteizen (2005ean, Araba Orain taldearen eskutik)... erakutsi zituen bere lanak.
Era berean, Herri Urrats jaialdiari laguntzeko, ikastolen alde egiten zen talde erakusketan parte hartu ohi zuen. Horregatik, Seaskak omenaldia egin zion.
Kultura
Jesus Etxebarria eskultorea hil da
93 urte zituela zendu da, Kanboko bere etxean. Heldu den larunbatean eginen dute haren aldeko hileta elizkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu