Atzo arratsaldean hil zen Jesus Mari Duñabeitia Beti, gaixotasun baten ondorioz. Hala jakinarazi du Athleticek. Klubeko presidente zela ezarri zuen ikurrina San Mamesen 1977ko abuztuaren 8an, eta haren agintaldian eraberritu zen San Mames 1982ko munduko futbol txapelketarako. Emakume abonatuak bazkide izateko aukera ere bera presidente zela zabaldu zuten.
1982an, klubeko presidentetza utzi eta politikara egin zuen jauzi. 1983an, Bilboko Ongizate zinegotzi izendatu zuten, eta Ur Partzuergoko buru ere izan zen. Jose Maria Gorordo ordezkatu zuen alkatetzan 1990ean, eta sei hilabete egin zituen karguan.