Jesus Mari Zabala euskal preso politikoa aske utzi dute gaur, Frantziatik Espainiaratu ostean. Gaur goizeko zortzietan atera dute Saint Martin de Re kartzelatik eta anbulantzian sartu dute. Kataluniako mugara iritsi denean, libre utzi dute. Han zituen zain herritarrak, senideak eta lagunak. Askatasunak jakinarazi duenez, Lekeitiorako (Bizkaia) bidaian da orain Zabala.
Espainaratzeko arriskua zela-eta, gose greban egon da otsailaren 16tik. 2000ko irailetik eduki dute preso, orduan atxilotu zuten-eta. Horregatik sartu dute gaur anbulantzian.
Aner Gomez euskal presoa Fresnes (Frantzia) espetxetik atera du epaileak, Espainiaren euroagindua aplikatzeari uko egin ondoren. Atzo irten zuen baina, hala ere, erretentzio zentro batean sartu dute, eta epailearen aurretik pasatu beharko du berriro Frantzian utziko duten edo Espainiaratu egingo duten jakiteko.
Otsailaren 15ean bukatu zitzaion bilbotarrari Frantzian zigorra eta urtarrilaren 31tik gose greban egon da, Espainiaratzeko arriskua zela-eta. Otsailaren 14an jakin zuzen Baltasar Garzon espainiar epaileak euroagindu eskaera egin zuela; gose greba utzi zuen orduan.
Euroagindu epaiketa otsailaren 28an egin zuten, Parisen. Atzo eman zuten epaia, eta epaile batek uko egin dio agindu hori aplikatzeari, Gomezek Garzonek egindako akusazioak dagoeneko bete dituela argudiatuz.
Etxeratek jakinarazi duenez, Gomez "oso egoera txarrean" dago erretentzio zentroan. Ez diote arropaz aldatzen utzi eta telefono txartelik erosten ere ez diote utzi.
Euskal presoak
Jesus Mari Zabala presoa aske utzi dute, Espainiaratu ostean
Aner Gomez Fresneseko espetxetik atera du epaileak, Garzonen euroagindua aplikatzeari uko egin ondoren, baina erretentzio zentro batean sartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu