Frankismoaren aurkako kereila

Jesus Muñecasi eta Billy el Niñori Espainiatik ateratzeko debekua ezarri die epaileak

Frankismoan eta ondorengo urteetan torturak egitea leporatuta Maria Servini epaileak eginiko estradizio eskariaren berri eman diete biei Espainiako Auzitegi Nagusian. Pablo Ruz epaileak pasaportea kendu die, eta behin-behinean aske gelditu dira. Ezingo dira Espainiatik atera, non bizi diren adierazi beharko dute eta astero joan beharko dute auzitegira sinatzera. Baldintza horietako bat urratuz gero, espetxeratu egingo dituzte.

Frankismoko biktimak, protesta egiten. LA COMUNA, @LACOMUNAPRESXS
urtzi urkizu
2013ko abenduaren 5a
17:03
Entzun

Juan Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño' polizia ohiari eta Jesus Muñecas Aguilar guardia zibil ohiari Pablo Ruz epaileak galdetu die ea estraditazioa onartzen duten. Ezetz erantzun dutenez, estradizio eskaera Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak erabaki beharko du. Ez du eperik horretarako. Baiezko batek ez luke, ezinbestean, estradizioa ekarriko. Izan ere, Espainiako Gobernuak du estradizioa bertan behera uzteko ahalmena.

Frankismo garaian eta ondorengo urteetan torturak eta legez kanpoko beste hainbat jarduera egitea leporatuta egin zuen Servinik estradizio eskaera, irailaren 28an. Auzitegi Nazionalera hitzordua baino bi ordu lehenago iritsi dira, kamerek grabatu ez zitzaten. Epaitegitik gertu, hamarnaka pertsona protestan izan dira, estradizioa eskatzen. Poliziak epaitegi ondotik eraman ditu manifestariak. "Estradizioa torturatzaileentzat!" oihukatu dute.

Billy el Niñok 67 urte ditu. Frankismoko 17 kereilatan agertzen da, tortura delituengatik. Tratu txarrak egotzita, zigortu egin zuten 70eko hamarkadan. Baina 1977ko Amnistia Legea dela eta, karguetatik aske gelditu zen.

Muñecas guardia zibileko kapitain ohiak 77 urte ditu. Zarauzko (Gipuzkoa) kuartelean Andoni Arrizabalaga torturatu izana leporatzen diote, Anparo Arangoa (Tolosan) eta beste hainbat euskal herritarrekin batera. 1981ko otsailaren 23ko estatu kolpean parte hartzeagatik Guardia Zibiletik kanporatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.