Jimenezek irabazi du, baina espero baino oposizio handiagoa izan du

PSNren X. Biltzarrean, ordezkarien %60k eman diote botoa Jimenezi, eta %38k Campillori

Roberto Jimenez, PSNko idazkari nagusi hautatu berritan, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ezusterik ez, baina espero baino lehia estuagoa izan da. PSNrenX. Biltzarreko lehen egunean Iruñeko Baluarte jauregian bildutako 210 ordezkariek hurrengo urteetarako idazkari nagusia hautatu zuten. Bertaratutakoen %60ren babesarekin (126 boto), Roberto Jimenez gailendu zitzaion Manuel Campillori. Garaipen zabala izanagatik, Campillok duela lau urteko hautagai Amanda Acedok baino emaitza hobea lortu zuen: 80 ordezkarik (%38,1) adierazi zioten bere sostengua; gainera, bi ordezkarik zuri bozkatu zuten eta beste bik ez zuten botorik eman.

Emaitza 19:15 aldera jakinarazi zuten. Jimenezek, pozarren, zoriondu zituen «gehiengo handiz» hari botoa eman zioten ordezkariak. Duela lau urte egin bezala, «leialtasuna eta batasuna» aldarrikatu zuen. Eskertu egin zion Campillori egindako ekarpena, baina hemendik aurrera eztabaida «itxitzat» eman zuen. Gogora ekarri zuen hark otsaileko PSOEren kongresu federalean Carmen Chaconen hautagaitzaren alde egin ostean galdu egin zuela: «Nik biltzarra galdu nuen, baina gaur talde bakarra dago, eta nire taldea da. Horregatik,orain alderdiaren borondatea errespetatzeko eskatzen dut».

Hurrengo zuzendaritza taldeko kide esanguratsuenen izenak aurreratu egin zituen, Gaur hautatuko dute zuzendaritza hori. Jimenezen proposamenaren arabera, Santos Cerdan izango da antolakuntza idazkaria, Juanjo Lizarbe arlo ekonomikoko idazkaria, Maria Chivite gizarte arlokoa eta Roman Felones presidentea.

Manuel Campillok Roberto Jimenez zoriondu zuen, eta nabarmendu zuen emaitza «zilegia» izan zela. Haren ustez, azpimarragarria da duela lau urte Acedok baino sostengu handiagoa lortu izana. Hala ere, argi utzi zuen orain ez duela botere kuotarik bilatuko alderdi barruan. Gaur, gainera, txosten politikoa eztabaidatu eta bozkatuko dute. Hortaz, partida oraindik ere jokatzeke dagoela eta ekarpenak egiteke daudela esan zien kazetariei.

Hautagaien diskurtsoak

Aurretik, eguerdian Roberto Jimenezek eta Manuel Campillok bakoitzaren hautagaitza ofizial egiteko 64na sinadura aurkeztu zituzten. Bazkalostean, hautagai bakoitzak bere proposamena defenditu zuen. Manuel Campillokalderdi sozialistaren egoeraren analisia egin zuen bere diskurtsoan. Haren ustez, Nafarroan, Espainian zein Europan proiektu sozialistaren arazoa da bere proposamenek talka egiten dutela errealitatearekin, eta ez direla gaigizartearen arazoei konponbidea emateko. «Herritarrek antzematen dute diferentzia handia dagoela promes egiten dugunaren eta egiten dugunaren artean. Gure arazoa inkoherentzia politikoa da».

Nafarroara begira, alderdiaren gehiengoak gobernuan sartzea babestu zuen heinean, erabakiari zilegitasuna aitortu zion. Dena den, haren ustez, «okerrena» gero etorri da. UPNk PPrekin hauteskunde ituna egin ostean, «gobernuaren lidergoa hartu du, eta herrialde honek lortutako konkista sozialen aurkako eraso bortitzena babesten ari da. Ez genuke gobernuan egon behar».

Bestelako irakurketa egin zuen Jimenezek, jakina. Haren iritziz, PSNk krisiaren aterabidea zuzendu behar du. «Ez dugu gobernu ezin hobea behar, gobernu praktiko bat baizik». Haren hitzetan, herritarren konfiantza berreskuratzeko «politika hizki handiz» egin behar dute: «Sortzen dugun itxaropenaren araberakoa izango da herritarren konfiantza».

PPri kritika ugari egin zizkion, eta Nafarroako autogobernuaren defentsa sutsua egin zuen. «Ez diogu uko egingo gure erabakiak hartzeko ahalmenari. Gure autogobernua mehatxupean dago, eta autogobernuaren aurka eraso egitea ongizate estatuari eraso egitea da». PPren neurri guztiak, «banan-banan, hitzez hitz» aztertzeko asmoa du PSNk, eta eskumenen aurka egiten den bakoitzean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela zin egin zuen. PP maiz kritikatu zuen bitartean, UPNri ez zion hitz bakarbat ere zuzendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.