Euskal presoak

Joan Bidart erietxe psikiatriko batean daukate, inkomunikatuta

Euskal presoa bere buruaz beste egiten saiatu zen Tulleko kartzelan astelehenean. Familiak oraindik ez daki noiz bisitatu ahal izango duen. Larunbatean manifestazioa egingo dute Donibane Garazin.

2007ko azaroaren 22a
14:35
Entzun
Joan Bidart Ortzaizeko (Baxenabarre) presoa bere buruaz beste egiten ahalegindu zen joan den astelehenean, Tulleko (Limousin, Frantzia) presondegian, eta harrezkero erietxe psikiatriko batean daukate, Ortzaizetik 600 kilometrora eta inkomunikatuta, gaur haren ama Genevieve Bidartek eta Etxeratek prentsaurrekoan salatu dutenez. Familiak oraindik ez daki noiz bisitatu ahal izango duen; astelehenean ama hara joango da, bisitatzeko asmoz.

Bidarten amak salatu egin du epaileak, kartzeletako funtzionarioek eta agintari batzuek izandako jarrera, presoaren senideei ez zietelako batere abisatu gertaeraz. Sendiak heldu den asteburuan bisita egiteko asmoz hitzordua galdetzeko presondegira deitu zuenean jakin zuen Bidart bere buruaz beste egiten ahalegindu zela. Zintzurra mozten saiatu zen, arkatz zorrozteko baten lamarekin. Zauri arinak ditu, baina eskualde hartako ospitale batean dago oraino. Genevieve Bidartek jakinarazi du erietxeko zuzendariarekin hitz egin duela eta honek semeak "ezer ez" daukala adierazi diola.

Etxeratek ere salatu egin du gertatutakoa. "Presoen familia guztiei diete errespetu falta. Orain gezurretan aritu dira, Bidarten familia abisatu zutela esanez, baina hori ez da horrela. Amak ez zekien! Gainera, hedabideetan irakurri behar izan dituzte xehetasunak, eta hori ez da normala".

Irailaren 24an atxilotu zuen Bidart Frantziako Poliziak, Lapurdin eta Baxenabarren izan zen polizia operazio zabal batean, Alain Ducasse sukaldariaren Bidarraiko (Baxenabarre) ostatuaren kontrako atentatu batekin zerikusia zuelakoan.

Bidarten amak esan du bere semeak oraindik ez dakiela zergatik atzeman zuten, eta hura "pertsona alaia, irekia eta orekatua" dela. Atxilotu eta gero etxetik 460 kilometroko kartzela batean sartu zuten, Tullekoan, Frantzia erdialdean. Presoa bakarturik eduki dute geroztik, beste euskal presorik ikusi gabe, Askatasunak salatu duenez.

Gertaera salatzeko, larunbatean manifestazioa egingo dute Donibane Garazin, Askatasunak deituta. 17:00etan hasiko da, herriko etxearen aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.