Hezkuntza. Ikasturte hasiera

Joarea entzunik, ikasgeletara

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleek ikastetxeetako bidea hartu zuten atzo, lehen eta bigarren mailakoek. Lehen aldiz, Seaskak hiru mila ikasleren heina gainditu du aurten.

Kanboko Errobi ikastolako ikasleak, atzo goizean, gurasoek lagunduta ikastetxera sartzen. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Joarearen hotsa goizeko bederatzietan zabaldu zen atzo Hiriburuko (Lapurdi) ikastolako atarian. Guraso eta ikasleak haren beha ziren oren erdi lehenago. Urteko lehen eskola sartzeak berezitasun hori dakar berez erantsita. Erdi lotan haur batzuk, aita-amen eskuak askatu ezinik bertze batzuk, engoitik hartuko duten erritmoa zuten denek gogoan dantzari. Oren erdi hartu zuten irakasleekin solastatzeko atarian, jolastokian. Kafeak, laranja urak, bixkotxek lasaitasuna zabaldu dute.

Aritutako ikasleek jolaserako erabili zuten denbora. Zango baloian batzuk, tarteka baloiak gurasoren baten bizkarrean jotzen bazuen ere. Tren txikiaren jolasean bertze batzuk, lurrun jarioa asmatuz eta ahotik tturrunaren hotsa jalgiz. Joarea entzun arte, jolasa nagusi.

Joana Zamora irakaslearen eskuak dantzarazi zuen joarea. Ordurako egina zuen bertan bazkalduko ziren haurren zerrenda. Txikiek egun erdia egiteko parada dute; alegia, bertan bazkaldu edo etxean pausa daitezke. Aukera hori preziatu dute Uhaitzen gurasoek. Ahurtin bizi dira, eta Hazparnen edo Hiriburun ezar zezaketen haurra. Lanarengatik, Hiriburu hautatu dute. Aita, musikaria, pozik zegoen gurasoen artean bertze musikari batzuk ikustean. «Garrantzitsua da giroa egiteko», erran zuen irribarretsu.

Eneko Mailharin da ikaslerik gazteena. 2 urte eta 3 hilabete ditu. Gurasoak Milafrangan bizi dira, baina, han ikastolarik ez dagoenez, Hiriburun eskolatzea deliberatu dute. Aita euskalduna da, baina ama ez, eta Eneko elebidun bihurtzeko tresna egokia ikastola dela ebatzi dute. Ikastolan arreta guztia erakartzen duen haurra, ordea, itzal baino ez da administrazioaren begietara. Frantziako Akademiak ez ditu 2 urteko haurrak aintzat hartzen irakasle postuak emateko tenorean. Horren eragin zuzena pairatu du Hiriburuko ikastolak, iaz baino irakasle bat gutxiago baitu.

«Aurten 40 ikasle ukanen ditugun arren, iaz baino hamar gehiago, irakasle bat gutxiago ukanen dugu», erran du Olivier Criado ikastolako zuzendariak. Bi irakasleren artean hiru maila hartu beharko dituzte ondorioz. Haur gehiago gelaka, eta irakasleek lan gehiago. Sartzea lasai burutu dute, negar sobera pairatu gabe. Ate irekiak egiten dituzte ikastolek. Horrela, ikastolan sartu aitzin, non egonen diren ikusten dute haurrek, gelak eta irakasleak ezaguturik. Alta, ikastolak berak gurasoen kezka eragiten du zenbait kasutan. Urteak joan, urteak jin, aurrez fabrikaturiko geletan segitzen dute. Herriko etxeak ikastola berria egiteko lurra erosi du, baina bederen hiru urtez beha egon beharko dute.

Ikasle gehiago Seaskan

Seaskak hiru mila haur baino gehiago eskolatuko ditu aurten, Hur Gorostiaga zuzendariak jakinarazi duenez. Bi heren lehen mailan, eta heren bat kolegio eta lizeoetan. Ikastolen ortzian hodei beltzak daude oraindik, hala ere. Uztailean Paueko Akademia Ikuskaritzak hitzarmena berritzeko xedea baztertu zuen. Ikastolen Kontseiluaren haserreak jarrera aldarazi dio. Hitzarmena aurten izenpetzea espero du Seaskak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.