Jokin Aranalde iheslariaren atxiloketa salatzeko eta aske utz dezaten eskatzeko, elkarretaratzea egin dute iluntzean Ibarran (Gipuzkoa). Hamarnaka herritar elkartu dira plazan; tartean, Jesus Peñagarikano alkatea. Azken 11 urteetan Iparraldean bizi izan da Aranalde, eta jaiotzez gazteluarra izan arren, urte luzez Ibarra izan zuen bizileku.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidetzaren kideetako bat da Aranalde —hamalau kidek osatzen dute taldea—. Gotzone Ijurko Aranalderen emazteak BERRIAri azaldu dionez, Beskoitzen zeuden biak, Aranaldek mediku batekin egon behar zuelako. Atera direnean, Baionarako bidean, autobidean, "auto pila bat" agertu dira, eta pistolarekin apuntatu diete. "Autotik eskuburdinekin atera dute, modu bortitzean, eta eraman egin dute", azaldu du. Donostiako polizia etxetik deitu diote gero Ijurkori, Aranalde han dagoela esanez.
Bihar manifestazioa egingo dute Ibarran, 20:00etan. Hendaian elkarretaratzea antolatu dute biharko, 19:00etan, Kasino zaharrean.
Euroagindua tarteko
Gaurko atxiloketaren aurretik, Frantziako Poliziak iazko ekainaren 24an atxilotu zuen Aranalde, Heletan (Lapurdi), Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 15ean egindako Herria Dugu Arnas ekitaldiaren ondotik, Espainiak egindako euroagindu eskari bat zela medio.
Aranalderen aurkako euroagindua onartu zuen Paueko Dei Auzitegiak iazko irailean; helegitea aurkeztu zioten erabakiari, baina Parisko Kasazio Gorteak ez zuen onartu. Ondorioz, ontzat eman zuen Espainiak egindako euroagindu eskaria.
Kasazio Gortearen erabaki horren aurrean, intsumisioa hautatu zuen Aranaldek, Espainiaratzea eragozteko. Espainiaratzeko agindua auzi politiko baten ondorio zela adierazi zuen, eta jasandako torturak salatu zituen. "Azken 50 urteetan torturatutako 7.000 lagun horietako bat naiz", esan zuen.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak bat egin zuen Aranalderen jarrerarekin, eta babesa adierazi zion. Ipar Euskal Herriko 50 eragilek baino gehiagok izenpetu zuten haren aldeko agiria.