Donostiako Adingabeen Auzitegiak 18 hilabetez zaintzapeko askatasunean bizitzera zigortu zituen Jokin Zeberio jazartzeagatik epaitutako zortzi adingabeak. Zeberioren "osotasun moralari" eraso ziotela ebatzi zuen auzitegi horrek.
Bere buruaz beste egin zuen gaztetxo hondarribitarraren familia, ordea, ez zegoen ados epai horrekin, arinegia iritzi baitzion. Horrenbestez, helegitea aurkeztu zuen, eta Donostiako Probintzia Auzitegiak aztertu du berriro auzia. Epaitegi horrek zortzi adingabekoetatik zazpiri ezarritako zigorrak gogortzea erabaki du, eta bi urtez zentro itxi batean egotera behartu ditu.Izan ere, "osotasun moralaren" aurkako delituaz gain, Jokin Zeberioren osasun psikikoaren kontrakoa egin zutela ebatzi du tribunalak, familiaren helegiteak eskatu bezala.
Erregimen irekian bete beharko dute zigorra: ondorioz, urtebetez zentro itxi horretan bizi beharko dute, eta bigarren urtean zaintzapeko askatasunean izango dira.
Zortzigarren adingabearen kasuan —taldeko neska bakarra—, berriz, defentsaren helegitean eskatzen zena onartu du Auzitegiak; hau da, zigorra arindu egin dio. Besteei bezala 18 hilabeteko zaintzapeko askatasuna ezarri zion Adingabekoen Auzitegiak. Epai berriak, ordea, bi asteburutan heziketa zentro batean egotera zigortu du.
Jokin Zeberiok 14 urteko gaztetxoak Hondarribiko (Gipuzkoa) harresietatik bota zuen bere burua, iazko irailean, epaian esaten denez, adiskideek egiten zizkien isekei eta jazarpenari aurre ezin eginda.
Jokin Zeberioren heriotza
Jokin Zeberioren auziko zigorrak handitu dituzte: bi urtez zentro itxi batean egon beharko dute akusatuetatik zazpik
Familiak ezarritako helegiteari arrazoi emanez, Jokin Zeberioren heriotzan zerikusia izateagatik zigortutako zortzi adingabeetatik zazpiren aurkako neurriak gogortu egin ditu Gipuzkoako Pronbintzia Auzitegiak. Zehazki, bi urtez zentro itxi batean egon beharko dute zazpi gaztetxo horiek, erregimen irekian. Horrenbestez, lehen urtean zentro horretan bizi beharko dute, eta bigarrenean zaintzapeko askatasunean egongo dira. Aurreneko epaiketan 18 hilabetez zaintzapeko askatasunean egotera zigortu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu