Jokoak eta apustuak izan duten garapenaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak txanpon makinak eta bingo aretoak arautzeko foru dekretuak onartu ditu. Besteak beste, jarduerak teknologia berrietara egokitu ditu, aretoak irekitzeko baldintzak zehaztu ditu eta apustuak egiteko makina berriak onartu ditu.
Txanpon eta joko makinak arautzeko foru dekretuak Nafarroan dauden makinen baliabide teknikoak hobetzea eta gaur egungo legeak dituen mugak gainditzea du helburu. Horretarako, makina katalogo berriak argitaratuko dira, eta berriz sailkatuko dira.
Dekretuaren berritasun nabarmenena apustuak egiteko makinak aintzat hartzea da. Jada badira Nafarroan apustuak egiteko enpresak, baina, Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, moldatu egingo dira: «Lege berrira egokitzeko konpromisoa hartu dute». Joko makinak jartzeko baimen berriak arautu dituzte. Orain arte, joko makinak jartzeko lizentziak mugatuak ziren. Aldiz, dekretu berriak lizentzia mugagabeak izatea arautzen du. Baimena bertan behera uzteko arrazoiak honakoak izango dira: jabeak uko egitea, jabearen heriotza, aretoaren jardueraren aldaketa edo enpresaren galera.
Jokorako aretoak ireki aurretik bideragarritasun azterketa bat egiteko aukera ematen da. Dena dela, bi areto ezingo dira 400 metro baino gutxiagora egon, eta makinak ezin dira jarri adingabeak sartzen diren aretoetan. Makinak elkarri lotzeko aukera izango da, sariak metatu ahal izateko; horrela, gutxienez 3.000 euro irabaz daitezke, eta gehienez, 15.000 euro.
Hurrengo bi urteetan ez dute joko makinak jartzeko lizentziarik emango. Aurretik, enpresaburuekin, erabiltzaileekin eta ludopatiak jotakoen elkarteekin jokoak izandako garapenaren aldaketen inguruan azterketak egingo dituzte.
Bingo aretoak arautzeko dekretuak sektorea modernizatzeko eta berritzeko behar diren baliabideak eta teknologia arautzea du helburu. Hortaz, bingoaren inguruan izandako berrikuntzak arautzen ditu: hala nola bingo elektronikoa, Internet bidezko bingoa edo hainbat makinen arteko elkar konexioa.
Dekretuaren berrikuntza dira bingo kidetuak ere. Bingo horietan areto nagusi bat dago, eta ondoko aretoetan mendeko jokaldiak egiteko aukera dago. Makina horiekin lortzeko gutxieneko saria 3.000 eurokoa da, eta gehienez, 30.000 eurokoa.
Bingo areto batetik bestera 1.200 metro egongo dira, eta apustu edo joko makinak izateko aukera izango dute. Gehienez, jabe batek hiru bingo areto izango ditu. Aretoetan bingo makinak jarleku kopuruaren %5 baino gutxiago izango dira. Gutxienez 150 jokalari eta gehienez 600 jokalari egoteko aukera izango da. Tresneriak erregistratua eta homologatua izan beharko du. Baimenen auziak bizkortzeko teknologia berrien erabilera sustatuko da.
Jokoa berriro arautu du Nafarroak, teknologia eta ohitura berrietara egokituz
Apustuak egiteko makinak eta bingo elektronikoak aintzat hartzea da berrikuntza nabarmenena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu