'Anza auzia'

Jon Anza ez zen egon gerora haren hilotza agertu zen erietxean, Poliziaren arabera

'Le journal du Pays Basque' egunkariak Anza kasuan izandako disfuntzionamenduak agerian utzi ditu, prozedura akatsetan arakatuz.

Aitor Renteria.
2013ko martxoaren 2a
14:33
Entzun

Okzitaniako Tolosako instrukzio epailea "Anza afera" artxibatzera doalarik, Le Journal du Pays basque Euskal Herriko kazetak zortzi orriko ikerketa plazaratu du gaur, inkesta horretan egon diren akats eta disfuntzionamendu larrien berri emanaz. Inkestan egon diren hutsune horiek puntuz puntu sakondu ditu egunkariak, epailearen erabakiaren aurkako argudioak eskainiz.

Jon Anzak 2009ko apirilaren 18an hartu zuen trena Okzitaniako Tolosan ETAko kide batzuekin biltzeko. Geroztik desagertu zen eta familiak haren desagerpena salatu zuen maiatzean. Baionako prokuradoreak hura atzemateko inkesta ireki zuen orduan. 2010eko martxoaren 11an jakinarazi zuten haren gorpua Tolosako Purpan erietxean zegoela. Osasun zerbitzuek Estrasburgo etorbidean hartu zuten 2009ko apirilaren 30ean eta erietxera eraman. Maiatzaren 11an zendu zen. Hamaika hilabetez gorputegian atxiki zuten gorpua, argitu gabe nor zen. Bitartean, poliziak Anzaren desagerpena ikertzen zuen.

Inkesta abian

Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak abiatu zuen inkesta 2009ko maiatzean Anzaren gorpua agertu zelarik, agerian gelditu ziren ikerketan egondako "disfuntzionamenduak". Desagerpenaren arrazoiak ikertuko zituela erran zuen Kayanakisek. Myryam Viarges Tolosako instrukzio epaileak hartu zuen segida. Berehala jakinarazi zuen Anzaren heriotzaren arrazoiak ikertuko zituela, ez kasuan gertatutako disfuntzionamenduak. Ez zen familiarekin bildu 2012ko maiatzaren 30era arte, abantzu bukaturik zegoelarik instrukzioa. Familiak egindako eskariak ez ditu kontuan hartu.

Hamabi egun

Anzak osasun arazo larriak zituen. Tumorea zuen buruan eta ez garatzeko tratamendu zorrotza segitu behar zuen. Tolosara joan zelarik, hilabeterako tratamendua eraman zuen. Ikusmen arazo larriak zituen. Inkestak ez du argitu non egon zen 2009ko apirilaren 18tik 30era. El Correo egunkariak jakitera eman zuen, prokuradorearen iritziari jarraikiz, epaileak bertze hipotesi bat aitzinatuko duela, Anza Tolosara heldu zela, ETAko militanteekin egon zela eta osasunak okerrera eginez, karrikan uztea deliberatu zutela. Inkestak dio Anza Le Clocher de Rodez hotelean egon zela apirilaren 18ko gauean. Hoteleko zerrendan ageri da, baina ez zuen nortasun ageririk utzi eta diruz ordaindu zen gela. Hotelak banku txartelak onartzen ditu soilik. Langile bakar batek zuen ikusi omen zuen eta haren lekukotasunak zalantzak eragin ditu. Anzaren osasun egoeran, hamaika egunez karrikan egotea ezinezkoa da. Ordea, inkestak ez du argitu non egon zen.

Ikerketak oker

Bilaketa ugari egin zituen Frantziako poliziak, behar zen tokian salbu. Tolosako Purpan erietxean ez zen eskaera ofizialik jaso. Denbora berean, ezezagun baten gorpua zeukaten bertan. Erietxera sartu zelarik Anzak Baionarako tren txartela zeukan sakelan. Ebakuntzen traza ere bazuen. Ez zen ikertu eta hamaika hilabetez atxiki zuten gorpua identifikatu gabe. Anzaren pasaportea eta botika agiriak Tolosako objektu galduen bulegoan agertu ziren. Polizia batek utzi zituen bertan, haren izena eman gabe. Ez da argitu nor zen, nola atzeman zituen. Sei hilabetez egon zen han pasaportea, familiari jakinarazi gabe.

Pariseko inkesta

Frantziako poliziak dio ez zekiela Anza ETAkoa zenik. Alta, bi inkesta egon dira abian, Tolosakoa eta Terrorismoaren Aurkako Dibisioarena (SDAT) Parisen. 2009ko maiatzaren 20an Franck Aizoberri Baionako inspektoreak Anza Tolosako erietxeren batean ote zegoen ikertzeko eskatu zion Tolosako zerbitzuari. Bi oren beranduago fax bat igorri zion Julian Decoux GLATeko arduradunak, erranez Anzaren aztarnarik ez zegoela Tolosako erietxeetan. Alta, hiru erietxe daude Tolosan eta ez dute telefonoz edo faxez erantzuten idenfitikazio eskariei. Sinesgaitza da erantzuna lortzea epe horretan eta prozedura urratuz. Gainera, erietxeak dio ez zuela eskaririk jaso.

Polizia mugimenduak

Anza desagertu baino lehen, Juan Mari Mujika iheslaria bahitu zuten lau ezezagunek. Kasua ezen argitu. Anza desagertu zelarik, 20 Guardia Zibil inguru zeuden Tolosan. 2009ko maiatzaren 20an bi guardia zibilek lasterka utzi zuten Tolosako Adagio hoteleko gela, armak bertan ahantzirik. Epaileak erran zuen gertakari horrek ez zuela loturarik Anza aferarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.