Jon Anzaren desagerpena argitu dadin eskatzeko manifestazioa egin dute gaur Donibane Lohizunen (Lapurdi). 17:00etan zen hastekoa -Luis XIV.a plazatik-, baina polizia kontrol ugari jarri dute Behobian (Gipuzkoa), eta beranduago ekin diote protestari, 17:40an. Ehunka lagun bildu dira.
Beste askok ezin izan dute Donibane Lohizunera iritsi, kontrolen ezin pasatuta. Donostiako AAMk kasu baten berri eman dio BERRIA.INFOri: "Gaur arratsaldean Jonen desagerpena salatzeko antolatu den manifestaziora gindoazela, Poliziak Donostiako autobusa gerarazi du Behobiako pasabidean. Karnetak eskatu dizkigute, eta 16:10etatik 17:30era hantxe izan gaituzte. Karnetak eman ondoren, aurreraxeago gendarmeek gerarazi gaituzte, eta karnetak berriro hartu dizkigute. Denbora bat pasatu ondoren, esan digute ezin genuela aurrera segitu, eta buelta eman behar genuela. Buelta emateko eskatzen zuen dokumentua ere bazutela esan ziguten. Donostiako autobusarekin batera erreteniturik izan dute Zornotzako autobusa ere. Esan digute buelta eman arte ez zizkigutela karnetak emango. Jendea galdezka hasi da, zergatik eman behar genuen buelta, eta zer dela-eta ezin genuen aurrera segitu, eta ez ginela joango karnetik gabe. Orduan, CRSak deitu dituzte, eta bidea oztoparazi. Buelta emandakoan karnetak emango zizkigutela adierazi digute. 18:15ean-edo buelta eman dugu".
Bost hilabete igaro dira Anza azkenekoz ikusi zutenetik, eta, ordutik hona, ez da haren inguruko berririk izan. Anza gerra zikinaren "ondorio latzena" dela adierazi du AAMk. "Espainiako Gobernuak bultzatzen duen eta Frantziakoak laguntzen duen gerra zikinaren jomuga izan dela argi baiezta dezakegu".
AAMk uste du gerra zikina bultzatzen ari dela Espainiako Gobernua. Horren adibide du azkenaldian izan diren lau bahiketa eta jazarpen kasuak: Juan Mari Mujikarena, Lander Fernandezena, Alain Berastegirena eta Dani Saralegirena. "XXI. mendeko gerra zikina" bultzatzea egotzi dio Espainiari, informazio politikoa lortzea, eta beldurra hedatzea helburu duena.
Isilik jarraitzen duten alderdi politiko eta erakundeei posizio argi bat hartzeko eskatu die, eta gaurko manifestaziora atxikimendua agertu duten eragileen babesa nabarmendu du.
Hain justu, Anza (Donostia, 47 urte) joan den apirilaren 18tik dago desagertuta. Ahetzeko (Lapurdi) bizilagunari egun hartan neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk gero jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18an hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.
AAMk Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, Jose Miguel Etxeberria Naparra eta Jean Louis Popo Larre euskal militanteen adibideak gogoratu ditu azkeneko asteetan (Pertur 1976an desagertu zen, Naparra 1980an eta Popo Larre 1983an).
politika
Jon Anzaren desagerpena argitzeko eskatu dute Donibane Lohizunen
17:00etan zen hastekoa manifestazioa, baina polizia kontrolengatik beranduago ekin diote. Euskal militantearen berririk ez dago apirilaren 18tik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu