Arratsaldean askatu dute Jon Enparantza euskal preso eta abokatua, bi urte baino gehiagoren ondoren. Iluntzean heldu da Donostiara:
Jon Enparantza, auzoan. Etxean. pic.twitter.com/WvfUQ6Gqx8
— Jon Olano (@olano_urkia) 2016(e)ko martxoak 11
Ostegun iluntzean zabaldu zen berria sare sozialetan, eta hala baieztatu zuen BERRIAk. 25.000 euroko bermea jarri diote Enparantzari, eta dirua bildu ostean atera da. Segovian zegoen preso, etxetik 400 kilometrora baino gehiagora. Iluntzerako Euskal Herrian izatea espero da, eta Donostian Matia kalean 20:00 inguruan hartuko dute hurkoek.
Hain zuzen, atzo bertan elkarretaratzea egin zuten Bilbon Enparantzaren askatasuna eskatzeko. Harena, eta baita operazio berean atxilotutako Arantza Zulueta abokatuarena ere. Isolamendurik ez. Arantza eta Jon askatu lelopean egin zuten protesta dozenaka lagunek, Etxebarrieta plazan, Sorturen deialdiari erantzunez.
Guardia Zibilak 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zituen Enparantza eta Zulueta abokatuak, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandozekin batera. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko kideak ziren gehienak, eta garai hartan Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek esan zuen «ETAk presoak kontrolatzeko erabiltzen duen garroa» zirela.
Eloy Velasco epaileak agindu zuen Xake operazio hura, presoen kolektiboaren inguruko beste hainbaten aurkakoak bezala. Auzi horiek guztiak instrukzio fasean daude oraindik.
Salaketak, baita Europan ere
Atxilotu zutenetik, «erabat bakartuta» izan dituzte Zulueta eta Enparantza. Donostiarraren kasuan, esaterako, «muturreko eran» zutela salatu zuten haren auzokideek, 2014ko urrian: «Nazioarteko erakundeen arabera, inor bakartzera eta isiltasunera kondenatzea onartezina da, tortura modu bat delako». Urtebete geroago, auzitara jo zuten senitarteko eta lagunek. 511 salaketa jarri zituzten, Segoviako espetxean bakartuta 511 egun egin zituenean. Hango zuzendariaren eta Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiaren aurka jarri zituzten salaketak, prebarikazioagatik. Martxa bat ere egin zuten Segoviako espetxera iazko urrian, haren askatasuna aldarrikatzeko.
Nazioartetik ere heldu izan dira salaketak: 2014ko uztailean, Europako abokatuen AED eta ELDH elkarteek salatu zuten Enparantzaren eta Zuluetaren egoera, eta haiek askatzeko eskatu.