Berotz ingeniaritza enpresak 18 urte daramatza Kuban. Ondarroa partean dauden enpresei nazioarteko prozesuan laguntzen die.
Kanpora irten nahi duten enpresei zer aholku emango zenieke?
Lehenik eta behin, bokazioa izateko esango nieke, eta, gero, ezer erabaki baino lehen, saltzen duten produktua aztertzeko. Ziur, gu Alemanian ez genukeela deus ere salduko, guk eskaintzen dugun produktua baino hobea dutelako haiek. Latinoamerikan ez da gauza bera gertatzen, gauza asko daude egiteko, erakusteko... gorantz doan merkatua da, eta guk eskaintzen dugun zerbitzua ontzat hartzen dute. Gu Kubara etorri gara, baina ez gara joan Mexikora, Brasilera, Txilera edo Argentinara. Han ez dugu lekurik.
Kuba negozioak egiteko herrialde ona al da?
Batzuentzat bai, besteentzat ez. Gu 1995ean etorri ginen, eta 33 langile ditugu, eta Venezuelan 55, denak kubatarrak. Aukera handiak ditugu hemen, eta, gainera, hemendik Ameriketako beste herrialde batzuetara salto egitea oso erraza egin zaigu.
Habanako Industria Azoka garrantzitsua al da zuentzat?
Bai. Hemen harremanak mantentzeko detaile horiek kontuan hartu behar dira, edo harreman berriak egiteko ere balio du. Aurten, adibidez, kirol portuak garatzeko bi hitzarmen sinatu ditugu.
Ingeniaritza integrala saltzen duzue. Zer da hori?
Bezeroek kontzeptualki duten ideia egia bihurtzen dugu. Adibidez, atuna saldu nahi duen kontserba industria bati zenbat kontserba ontzi saldu nahi dituzten galdetzen diegu. Datu horrekin, guk proiektua diseinatzen dugu: inbertsioa zenbatekoa izan beharko litzatekeen, prozesu teknologikoa ezartzen dugu... Ez gara hornitzaile, baina horniketaren nondik norakoak zehazten ditugu. Azken finean, enpresa abiarazten dugu, enpresaren kudeaketan parte hartzen dugu, formakuntza ere ematen diegu, eta bi edo hiru urtez enpresa horiekin elkarlanean aritzen gara. Saldu nahi zuten kontserba ontzi kopurua saltzen duten arte. Egun Camagueyn nekazaritzako elikagaien industria garatzen ari gara, eta Labiofamekin ere proiektu garrantzitsuak ditugu esku artean.