Atzo atxilotu zituen Frantziako Poliziak Ibai Agirrebarrena bidaxundarra (Nafarroa Beherea) eta Jon Goio tolosarra. Goizean atxilotu zuten Agirrebarrena gaztea, Baionako Espainiako karrikan. Harekin zegoen emakumeari inolako zehaztasunik eman gabe eraman zuten. Gaztearen gurasoen Bidaxuneko etxea miatu eta bertan atxilotu zuten Goio. Biak eraman zituzten Baionako polizia etxera eta gaua bertan pasa zuten. Baionako polizia judizialak jakinarazi duenez, bi atxiloketak ez dira lotuak, Agirrebarrenaren etxean «ez ustean» aurkitu zutelako Goio.
Pariseko epaile antiterrorista batek ireki dosierraren barnean kokatzen da Agirrebarrenaren atxiloketa. Iazko maiatzean geratu zen kontrol judizial pean aske, urte betez preso egon ondoren. Polizia operazio handi baten barnean burutu zuten gaztearen atxiloketa, orotara hamabi atxilotu zituztela.
Poliziak jakinarazi duenez Goioren Espainiaratze eskaera luzatua du Madrileko Auzitegi Nazionalak. Azken urte hauetan Ipar Euskal Herrian bizi da tolosarra. 2008an, EHAK auziaren baitan, Espainiako Auzitegian aurkezteko deia egin zion Baltasar Garzon epaileak baina Baionan egindako prentsaurreko batean, Madrilera ez zela joanen jakinarazi zuen Goiok. Hainbat alderdi, sindikatu eta erakundek babesa erakutsi zioten. 2009an atxilotu zuen jada Frantziako Poliziak, oso bortizki. Lanean zegoela pistolarekin mehatxatuz, autotik atera eta oihalezko kaputxa bat jarri zioten buruan. Hendaiako polizia etxera eraman zuten, bertatik Irunera arte joan etorriak egin zituztela. Atxiloketa egiteko moldeagatik, Jon Anzaren kasua bururatu zitzaiola kontatu zuen orduan Goiok. Efe agentziak jakinarazi duenez, 2001ean Jose Maria Aznarren hegazkinaren aurkako balizko erasoarentzat materiala, misilak zehazkiago, garraiatzea leporatzen diote.
Segi gazte taldeak eta Askatasunak gogor salatu dituzteatxiloketak. Sostengu elkarretaratzea burutu zuten Baionako polizia etxearen aitzinean.
Euroaginduen azterketa
Atzo aztertu zituzten Paueko auzitegian, Beñat Lizeaga, Aitziber Plazaola, Bergoi Madernaz Segiko kideen aurkako euroaginduak. Hiru gazteek eta haien abokatuak prozedura politiko hauek gaitzetsi eta hauen bukaera exijitu zioten epaileari. Dosierrean akusazio zehatzik ez dela erranez, tortura pean egin deklarazioetan oinarrituak direla ohartarazi zion abokatak baita. Haatik, gazteen Espainiaratzearen alde agertu zen prokuradorea. Asteartean jakinen da epailearen erabakia. Anartean, preso segitzen dute gazteek.
Segiko 8 kideetarik libre gelditzen den bakarrak, Irati Tobarrek gose greban jarraitzen du.
Jon Goio eta Ibai Agirrebarrena atxilotu dituzte
Goiok euroagindu bat du bere aurka; haatik, Agirrebarrenaren atxiloketa Pariseko epaile baten manua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu