Jon Goio Jimenez espetxeratu egin dute

Aiala Zaldibar eta Iraitz Gesalagaren Espainiaratzea onartu du Parisko kasazio auzitegiak

Erredakzioa
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak herenegun atxilotutako Jon Goio Jimenez espetxeratzeko agindu Paueko auzitegiak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Seysesseko espetxean aurkitzen da. Jimenezen atxiloketa Espainiako Justiziak egindako euroagindu eskaera batekin du zu zerikusia. Euroagindua ostiralean aztertuko dute Paueko auzitegian.

Egun berean atxilotutako Ibai Agirrebarrena gazteari buruz ez da informaziorik zabaldu. Parisko epaile antiterrorista batek ireki duen dosier baten barnean kokatzen da haren atxiloketa.

Parisko kasazio epaitegiak, berriz, Aiala Zaldibar eta Iraitz Gesalagaren Espainiaratzea onartu du. Askatasunak jakinarazi duenez, hamar egunen bueltan jarriko dituzte Espainiako polizien esku.

Urtarrilaren 18an atxilotu zuten Zaldibar, Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita, eta Gesalaga urtarrilaren 11n, ustez 2008ko polizia operazio batean ETAri atzemandako agiri batzuetan haren izena agertzen zelako. Urtarrilaren 25ean haien aurkako euroagindu eskaera onartu zuen Paueko auzitegiak. Biek helegitea jarri zuten Parisko kasazio auzitegian.

Euroaginduen aurka

Pasa den asteko astelehenean atxilotutako Beñat Lizeaga, Aitziber Plazaola, Bergoi Madernaz eta Aiala Zaldibar gazteen euroaginduak onartzen dituen edo ez erabakiko du Paueko auzitegiak heldu den asteartean. Egun berean aztertuko ditu egun bat geroago atxilotu zituzten beste hiru gazteen — Endika Perez eta Jazint eta Xalbador Ramirez anaien— aurkako euroaginduak.

Irati Tobarrek, auzi horrengatik aske den gazte bakarrak, berriz, bi asteko baraualdiri ekin dio. Berarekin batera Iker Elissalde eta Xabi Irigoien hautetsiak parte hartzen ari dira. Horren harira, elkarretaratzea egin zuten atzo Hendaian eta ekimenean hainbat hautetsik eta eragilek parte hartu zuten, besteak beste, Ainitza udal taldeak eta LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.