Politika

Jon Maia: "Zein erraz jolasten duten auzitegiek jendearen bizitzarekin!"

=lGaztesarea webgunearekin lotura==http://www.berria.info/albisteak/36012/Gaztesarea_auzian_gaur_Madrilen_izan_diren_beste_lau_euskal_herritarrak_ere_libre.htm=l izatea egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen atzo. Auzipetuta segitzen du.

Urola Kostako Hitza
2009ko irailaren 9a
20:41
Entzun
Gaztesarea gazte mugimenduaren informazio atariari babesa eman eta webgunearekin lotura izateagatik beste bederatzi lagun inputatu dituzte. Horietako bat da Jon Maia bertsolari zumaiarra. Inputazioak ezustean harrapatu duela adierazi du Maiak. Atzo deklaratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Madrildik bueltan autobusean zihoala Urola Kostako Hitza-ri auziaren inguruko hainbat adierazpen egin zion. Gertatzen ari denak "ez hanka ez buru" ez duela uste du.

Nolakoa izan da deklaratzeko unea Espainiako Auzitegi Nazionalean?

Azkarra izan da; bost minutuko kontua. Helduleku askorik ez du auzi honek, eta galdera gutxi egin digute. Guk ere esateko askorik ez genuen, egia esan. Beraz, honek berez ez luke bide luzerik eduki behar, ez daukalako ez hanka ez buru; ez du fundamenturik. Hala ere, inoiz ezin da jakin eta, gainera, inork ez dizkigu kenduko pasatutako une txarrak. Bestalde, atera zitekeen moduetatik modurik onenean atera da deklarazioaren kontua, aske gelditu baikara denok, baldintzarik gabe.

Inork ez zenuten espero auzipetuko zintuztetenik, ezta?

Ez, honek ezustean harrapatu gaitu denok. Gainera, duela urte askoko kontua da. Beste hainbat taldek eta mugimenduk egiten duten bezala, gure atxikimendu eske etorri zitzaizkigun proiektua martxan jarri zutenean, eta gure babesa eman genion Gaztesareari. Hori da nik Gaztesarearekin dudan harreman bakarra eta, beraz, honek ez luke bide luzerik izan behar. Honek guztiak ez dauka zentzurik, baina zeinen erraz jolasten duten auzitegiek jendearen bizitzarekin! Gutxien espero duenak honelako sorpresa bat jaso dezake; gutako inork ez zuen honelakorik espero, baina etorri egin zaigu.

Gaztesarearen aurka abiatutako ikerketari zer azalpen emango zenioke?

Erabat absurdoa da zozketa baten emaitza publikatzeagatik honaino iristea. Izugarria da zenbat jenderen bizitza konplikatu dezaketen. Hori delitua izatera iristea larria da, baina hortik gu bezalako jendea inplikatzera.... horrek beldurra ematen du. Gainera, guk ez dugu Gaztesarean parte hartu ere egin; inputatuok ez genuen elkar ezagutu ere egiten.

Lasai joan al zara deklaratzera?

Auzitegi Nazionalera lasai joaterik ez dago. Hala ere, herenegun deklaratu zutenak aske gelditu zirenez, alde horretatik lasai geunden. Ni lasai nago neure buruarekin, badakidalako ez dudala ezer txarrik egin; baina ez nago lasai justizia horrekin. Hau koska bat izan da, eta denborarekin ikusiko dugu zer gertatzen den, baina auzipetuta jarraitzeak ez du lasaitasunik ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.