Gatazka politikoa

Jonan Fernandez: "Trantsizioan egin zen eskema berregokitu egin behar da, eta pentsatu behar dugu hori gertatu egingo dela"

Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzaile nagusiaren arabera, PPren Gobernuak "sekulako beldurra dio aldaketari eta horregatik egiten du egiten duen erresistentzia". Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan esan duenez, memento egokia da hau trantsizio garaian hitzartutakoa berraztertzeko, eta "pentsatu behar dugu hori gertatu egingo dela".

2003ko abuztuaren 11
18:13
Entzun
Jonan Fernandezen ustez, aldaketa prozesu bati ekiteko "adierazle interesgarriak daude, baina baita oztopoak ere". Elkarriko koordinatzailearen esanetan, Ibarretxek, Hirukoak, PSEk eta "atzo adierazi bezala" ezker abertzaleak proposamenak jarri edo jarriko dituzte mahai gainean, eta "horrek esan nahi du badaudela mugimendu batzuk marko juridiko politikoa errebisatu nahi dutenak".

Aldaketa hori emateko, ordea, bi oztopo nabarmen sumatzen ditu Fernandezek. "Indarkeria aldaketa nahi ez dutenen erreminta da, eta bestea, PP eta Espainiako Gobernuaren erresistentzia da, Konstituzioa sakralizatuz guztiaren kontra jotzen baitute".

Elkarriren papera

Jonan Fernandezen arabera, Elkarriren papera soluzioak exijitzea da, gizartearen ahots kritikoa izatea konponbideak eskatzeko. "Proposamen ugari daude mahai gainean, eta guk elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa exijitu behar diegu", azpimarratu du.

Datorren urteko martxoan abian jarriko duten Bake Konferentzia ere hizpide izan du Fernandezek. Dagoeneko konferentzia abian jartzeko beharrezkoak zituzten 10.000 sinadurak lortu dituztela esan du, eta irailaren hasieran proposamena aurkeztuko dutela. Bi ardatz nabarmendu ditu: "indarkeria ezaren alde lan egingo dugu eta alderdien foro bat osatu nahi dugu, hori baita gizartearen gehiengoaren nahia".

Ezker abertzalearen egoera

'No Apartheid-Autodeterminazioa' lemapean atzo Donostiako kaleak zeharkatu zituen manifestazioak harrotutako hautsez ere hitz egin du. Fernandezen esanetan, manifestazio eskubidea bermatzea eta Otegik esatea irailean mahai gainean proposamen bat jarriko dutela positiboki baloratu behar da.

Ezker abertzaleak hurrengo asteetan edo hilabeteetan berregituraketa bat jasan beharko duela esan du Fernandezek. "Gizartearen aurrean beren burua definitu behar dute, hori oso garrantzitsua baita gure gizartearen hainbat sektorerentzat, baina argi dagoena da, ezker abertzalerik gabe ezin dela eszenatoki baketsu bat eraiki", nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.