EUSKAL PRESOAK

Jonan Fernandezek oroitarazi du "eskubideak" direla espetxe onurak, ez "pribilegioak"

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak esan du "zaila" izango dela akordioak egitea baketze eta normalizazioaren alorretan.

2013ko martxoaren 25a
18:04
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek Espainiako Gobernuari ohartarazi dio espetxe onurak ez direla "pribilegioak", "eskubideak" baizik. "Legea betetzea ezin da unearen araberakoa izan", adierazi du, Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean. 

Iñaki Rekarte, Kepa Pikabea eta Aitor Bores 'Langraizko bidea' deiturikoari heldu zioten hiru presoei hirugarren gradua ematea baztertu du Madrilek, eta horren harira jardun du Fernandezek. Azaldu du espetxe onurak "legeak aitortutako eskubideak" direla eta "preso guztiei" dagozkiela "horretarako baldintzak betetzen badituzte".

Legea betetzeko eskatu dio Fernandezek Espainiako Gobernuari, eta arauak ez erabiltzeko "unearen eta egoeraren interesen arabera". Hirugarren graduari buruz esandakoak Parot doktrina deiturikorako ere balio duela gaineratu du, eta legeak betetzeko eskari horretan "irmo" jokatzeko beharra nabarmendu du. Espetxe politikan gauzak "ongi" egitea "garrantzi handikoa" da "bakea egonkortzeko eta etorkizuneko bizikidetza prestatzeko", Fernandezen esanetan.

Akordio "zailak" baketzean

Bake lantaldeaz ere mintzatu da Fernandez. Esan du "zaila" izango dela akordioak egitea baketzearen eta normalizazioaren alorretan, nahiz eta legebiltzarreko talde guztiekin eginiko bileretan harremana "ona" izan den. Edonola ere, zehaztu du nahiago duela pentsatu "abiapuntuan" daudela. "Zailtasunak daude, baina diagnosia ez da txarra", azaldu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.