Jorge Oteizak Donostiako 1985ean Ametzagaina muinorako egindako hilerri proiektua abiapuntu hartuta, eskulturak, eta arteak oro har, arkitekturarekin, hiriarekin eta, oro har, ikuspegi zabal batetik begiratuta, gizartearekin eta politikarekin dituen harremanei buruzko hiru ekimen hartuko ditu hurrengo egunetan Donostiako San Telmo Museoak: erakusketa, jardunaldiak eta mintegia.
Oteiza eta monumentalitate berria. Izarrak Alde, Donostiarako hilerri bat erakusketak Oteizak Ametzagainarako Juan Daniel Fullaondo arkitektoarekin batera landu zuen proiektuaren berri ematen du, planoen, argazkien eta maketen erreprodukzioen bitartez, San Telmo Museoko Laborategian, azaroaren 11ra bitarte.
Oteiza eta monumentalitate berria. Artearen eta arkitekturaren arteko bateratzea herria eraikitzeko nazioarteko jardunaldietan, Marta Maiz, Ana Arnaiz, Javier Puldain, Xabier Laka, Teresa del Valle, Cesar Portela, Javier Maderuelo eta Renato Bocchi izango dira hizlari asteazkenetan, urriaren 10etik 31ra arte.
Oteiza eta arteen sintesia. Estetika baten eraikuntza mintegian EHUko Arte Ederretako Fakultateko eta EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasle eta irakasleek hartuko du parte, urriaren 17an.
Ekimenaren antolakuntzan, San Telmo Museoarekin elkarlanean aritu dira Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta EHUko Arte Ederretako Fakultateko Eskultura Ikerketa saila.