Sindikalgintza

Jose Elorrieta: "LAB da gure pisuzko aliatu posible bakarra"

Ekintza sindikalari dagokiola ELAren eta LABen arteko harremanak ez daudela unerik gozoenean aitortu zuen Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak iragan ostiralean, sindikatu horren XI. Kongresuko hasiera hitzaldian. Hala ere, LABekin harremanak hobetzeko borondatea agertu du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Elorrietaren arabera, LAB da ELAren "pisuzko aliatu posible bakarra". Dena den, "pitzadura" epe laburrean konpontzeko itxaropen gutxi agertu du.

2004ko azaroaren 30a
12:10
Entzun
"Guretzako ekintza batasuna elementu estrategikoa da, bakarrik ahulago baikara. Gure aliatu pisuzkoa Euskal Herriko langileen artean presentzia nabarmena duelako LAB da; LAB da pisuzko aliatu posible bakarra. Beste sindikatu batzuekin, ESKrekin eta EILASekin, oso harreman onak ditugu eta haiekin ere lan egin nahi dugu, baina LAB da sindikatu garrantzitsuena", adierazi du Elorrietak.

Hala ere, berriro ekintza batasunera iristea zaila izango dela aitortu du. "Egungo egoeran arazo handia daukagu [LABekin] negoziazio kolektiboa kudeatzeko. Epe laburrean konpontzeko aukeraren iguruan ez naiz baikorra. Badago eremu bat iraunkorki landu behar dena, baina, era berean, badago errealitate objetibo bat itxaropen gutxi ematen duena hori epe laburrean konponduko dela konpontzeko".

Lizarra-Garazirekin zerikusirik ez duen prozesu politikoa

ELA eta LABen arteko "pitzadurak" prozesu politikoari nola eragin diezaiokeen galdetu diotenean, Elorrietak erantzun du gaur egun abian dagoenak ez duela zerikusirik 1995-1996ean abiatu eta Lizarra-Garaziko hitzarmena bideratu zuenarekin. "Egungo diseinua Lizarra-Garazin amaitu zenaren desberdina da. Ez hobea, ez okrragoa, desberdina. Dena den, modu desberdin bat da puntu berera iristeko: inflexio puntu bat zeinak atzera bueltarik gabeko ziklo politiko berri bat irekiko duena, eta guztiz zibila izango dena. Garrantzitsua hori da, puntu horretara iristea. ELAk sindikatu gisa babestu eta bultzatuko du ziklo hori behin betiko zabaltzea, gatazka horretan aktore nagusi direnek ematen diguten rola edozein dela ere", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.