"Nafarroako hainbat eremutan bizitzeak ekartzen du zenbait abantaila izatea; ekartzen du hainbat egoera eta hainbat ezaugarri. Zonifikazioa ez dut nik ezarri, ezta oraingo gobernuak ere; eta norbaitek aldatu nahi badu, erran dezala, eta behar dituen botoak lortzen baditu, egin dezala". Inoiz baino argiago mintzatu da Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribas, euskararen legeak ezartzen duen zonifikazioari buruz.
Bere hitzen bidez onartu du lege horrek ezberdintasunak ezartzen dituela herritarren artean. Kazetarien aurrean agertu da hainbat taldek proposatu lege aldaketaren aurka egiteko. Ez dela beharrezkoa nabarmendu du, gobernuak ez-euskalduntzat jotzen duen eremuan euskaraz ikasteko "benetako eskaerarik" ez dagoelako. Dagoenari ikastolek ematen diote erantzuna, Iribasek erantsi duenez. Bilduri egotzi dio euskararen legea aldatuz "errealitate soziala aldatu" nahi izatea. "Eskaera induzitua" da, Iribasen hitzetan.
Iribasek hainbat datu aipatu ditu euskararen legea aldatzeko asmoaren kontra egiteko: "Eremu ez-euskalduneko benetako eskaera %5ekoa da, eta eskaera horri eremu horretan dauden bost ikastolek ematen diote erantzuna. Zentro horiek diru publikoa jasotzen dute haien lana egiteko. Ongi ari dira. Euskararen legea aldatuko balitz, egungo sareen eta ereduen sistema desorekatuko balitz, zer gertatuko litzateke ikastola horietako hainbatekin?", galdetu du.
Euskararen legea aldatzeko proposamena PSNk, Ezkerrak eta Geroa Baik egin dute. Iribasek, hala ere, Bilduri egotzi dio, batez ere, aldaketa horren bidez "hezkuntza sistema bakar, laiko, publiko eta euskalduna inposatu" nahi izatea. "G eredua baztertu, eta D eredua inposatu nahi dute".
Bilduk babesa eman dio lege aldaketari, nahikoa ez dela onartu duen arren. Hezkuntza kontseilariarentzat, berriz, gehiegizkoa da. Aldaketa proposatu duten taldeei, gainera, plangintzarik egin ez izana egotzi die. "Arrazoiz jokatu behar dugu, eta baliabideak modu eraginkor batean erabili. Lege aldaketa ez da beharrezkoa", berretsi du.