Atxiloketak

Jose Lorenzo Aiestaran da atzo atxilotutako beste ustezko etakidea

Lezokoa da eta 1984an Venezuelara deportatu zuten. Ibon Gojeaskoetxeaz eta Beñat Aginagaldez gain, bestea Gregorio Jimenez zela zabaldu zuten aurrena polizia iturriek, baina Jimenezekin okertu zirela agertu zuten gero. Gojeaskoetxea eta Aginagalde atzeman izana oso garrantzitsua zela nabarmendu zuen atzo Poliziak, lehena ETAko buruzagi nagusitzat jo baitzuen, eta Uria eta Carrascoren hiltzailetzat bigarrena.

2010eko martxoaren 1a
15:34
Entzun
Polizia iturriek gaur 13:30 aldera jakinarazi dutenez, atzo Cahan herrian (Normandia, Frantzia) Ibon Gojeaskoetxea Arronategi eta Beñat Aginagalde Ugartemendia ustezko etakideez gain atxilotu zuten bestea Jose Lorenzo Aiestaran Legorburu Fanekas da.

Hasieran hirugarren hori Gregorio Jimenez Morales (Tolosa, Gipuzkoa; 1954) zela esan zuten, baina gero aitortu zuten okertu egin zirela.

52 urte ditu Aiestaranek eta Lezokoa (Gipuzkoa) da. ETAko kide gisa jota, 1984an Venezuelara deportatu zuten eta, polizia iturrien arabera, han egon da duela guxira arte.

Izen faltsuarekin alokatuta zeukaten nekazaritza turismoko etxe batean atzeman zituzten hirurak, Guardia Zibilarekin elkarlanean. Poliziak dio hiru pistola zeuzkatela, lehergaiak egiteko materiala, dokumentazio faltsua, dirua... Polizia iturrien arabera, atxilotuak bahiketa bat prestatzen ari ziren.

ETAko buruzagi nagusietako bezala jo dute Gojeaskoetxea (Gernika-Lumo, Bizkaia; 1965). Polizia iturriek diote 1997an egin zuela ihes etxetik, Bilboko Guggenheim Museoaren inaugurazioan Espainiako erregea hiltzen saiatu ondotik.

Aginagalderi (Hernani, Gipuzkoa; 1984) 2008an Arrasaten (Gipuzkoa) Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia eta Azpeitian (Gipuzkoa) Inazio Uria enpresaburua hil izana leporatzen dio Poliziak, eta iazko martxotik omen zegoen sasian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.