Jose Luis Bilbao EAJren kidea hautatu dute berriro Bizkaiko ahaldun nagusi. Gaur arratsaldez egin dute bozketa, Gernika-Lumoko Batzar Nagusietan, eta EAJren 23 batzarkideen botoak baino ez ditu jaso. 51 batzarkideetatik, beraz, 23 dauzka foru gobernuak. “Gobernatzeko nahikoa izango da”, esan du Bilbaok. PSE-EEk 14 batzarkide lortu zituen maiatzeko hauteskundeetan, PPk 8, EB-Aralarrek 4, EAk 1 eta EAE-ANVk 1 -hau barruti batean baino ez zen legezkoa-.
"Beste sentsibilitate politikoak" kontuan hartuko dituela adierazi du. “Akordioak egin beharko ditugu, eta egingo ditugu ia denekin”. Aurreko legealdian ere hura izan da herrialdeko ahaldun nagusia, orduan gehiengo osoarekin.
“Bakearen itxaropena hautsita” dagoela azpimarratu du hitzaldian, baina hurrena ere saioak egin beharko direla. Ezker abertzaleari “politikaren eta demokraziaren aldeko apustu garbia” egiteko eskatu dio, “ez baitago ideiarik, aberririk, erlijiorik hilketa justifikatuko duenik”.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren batzarkideari Bilbaoren aurtengo hitzaldia "apalagoa" iruditu zaio, “ez duelako Ibarretxe Planaz hitz egin, seguruenik gehiengo osoa galdu duelako”.
Batzar Nagusien egoitzaren atarian elkarretaratzea egin du EAE-ANVk, "herri borondatea" errespetatzeko eskatuz. 72.000 boto eskuratu zituen.
Argazkian, Bilbao gaur, Gernikan, Bizkaiko Batzar Nagusietan. (Argazki Press)
Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusi berriro
Arratsaldean hautatu dute, EAJren 23 batzarkideen botoekin. “Gobernatzeko nahikoa izango da”, esan du Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu