18/98 auzia

Jose Luis Elkoro atxilotu dute, Bergaran

Harekin, '18/98 auziko' 40 lagun atxilotu dituzte dagoeneko; beste hiru lehendik zeuzkaten kartzelan. Sei auzipetu bermea ordainduta aske utziko dituzte laster: =i Zumalabe Fundazioa ataleko=i Sabino Ormazabal, Fernando Olalde, Mario Zubiaga eta Alberto Frias, eta =i Orain ataleko=i Xabi Otero eta Iñaki Zapiain; bostek ordaindu dute bermea.

2007ko abenduaren 5a
18:03
Entzun
Kalez jantzitako guardia zibilek Jose Luis Elkoro 18/98-ko auzipetua atxilotu dute gaur eguerdian (argazkian, atxilotuta zeramatean), Bergaran (Gipuzkoa), etxean. Orain atalean dago auzipetuta hura, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak hemezortzi urteko kartzela zigorra jarri dio. Bergarako alkate izana da Elkoro, Espainiako Estatuko trantsizio garaian euskal alkateen mugimenduko buruetakoa ere bai, Herri Batasunaren (HB) Mahai Nazionalaren kide izan zen eta Espainian senatari HBtik. 72 urte dauzka.

52 lagun epaitu zituzten auzian, eta haietako 46 badaezpada ere atxilotzeko agindu zuen joan den ostiralean Auzitegi Nazionalak, epaia ateratzear delarik "ihes egiteko arriskua" zegoela argudiatuta: hiru lehendik preso zeuden -Imanol Iparragirre, Ana Lizarralde eta Iker Beristain-, Elkororekin dagoeneko 40 atxilotu dituzte, eta hiruk atxilotu gabe jarraitzen dute: Nekane Txapartegi, Inma Berriozabal eta Mikel Zuluetak.

Auziko epaia ateratzear dela-eta joan den ostiralean 46 auzipetu atxilotzeko agindu ostean, haietako sei bermepean aske uztea erabaki zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren sekzioak, sententzia emango duen epaimahaiak. Honenbestez, 20.000na euro ordainduz gero aske geldituko dira Joxemi Zumalabe Fundazioa ataleko lau auzipetu -Sabino Ormazabal, Fernando Olalde, Mario Zubiaga eta Alberto Frias- eta Orain ataleko bi -Xabi Otero eta Iñaki Zapiain-, epaia irmoa izan bitartean. Bostek ordaindu dute bermea eta hurrengo orduetan utz ditzakete aske. Gainerako guztiak -36, oraingoz-, espetxeratzeko agindu zuen epaileak.

Gaur arte atxilotutako 39ak eta lehendik preso zeuden hiruetatik bi Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren aurrera eraman zituzten herenegun eta atzo artean, taldeka, Auzitegi Gorenak epai irmoa eman bitartean zer egoeratan izango diren erabakitzeko auzi-saioa egiteko.

Oterori eta Zapiani 60.000na euroko bermea jartzeko eskatu zuen fiskalak, eta gainerako guztiak behin-behinean espetxeratzeko.

Defentsako abokatuek, aldiz, denak behin-behinean aske uzteko eskatu zuten, zortzi urte iraun duen auzian izan duten jokabideak ihes egiteko arriskurik ez dagoela erakusten duela argudiatuta: auzitegira egin behar izan dituzten agerraldietan, urte eta erdi iraun duen epaiketan eta Auzitegi Nazionalak atxiloketak agindu dituenean ere, beti epailearen aurrera agertzeko prestutasuna agertu dutela auzipetuek. Gainera, legeak auzipetu bakoitzaren egoera kontuan hartu behar dela agintzen duela gogorarazi zioten abokatuek epaileari, eta epaimahaiak ez dituela egoera horiek kontuan hartu, auto bateratuan eta taldekako auzi-saioetan nabarmen geratu denez.

Auzipetuetako batek, Iker Beristain presoak, Teruelgo auzitegian eta konfiantzazko abokaturik gabe egin zuen auzi-saioa atzo -Teruelen dago preso-, eta hori legeriaren aurkakoa dela salatu zuten abokatuek.

Epaiaren irakurketa publikoa datorren abenduaren 10erako iragarri dute, baina Auzitegi Nazionaleko iturriek adierazi dute oso litekeena dela atzeratzea, nekez bukatuko baitute ordurako epaiaren idazketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.