euskal presoak

Jose Luis Elkoro libre utzi dute, kontrolpean

Eskumuturreko telematikoa jarri diote, ia egun osoan etxean egon beharko du, ekimen politikoetan ezingo du parte hartu eta astero espetxera joan beharko du sinatzera. Azkenaldian Martutene kartzelan zegoen preso. Ezker abertzaleko kide historikoa '18/98 auzian' zigortu zuten. Osasun egoera larria du eta 75 urte dauzka.

2010eko urriaren 14a
17:42
Entzun
Jose Luis Elkoro (Bergara, 75 urte) preso eta ezker abertzaleko kide historikoa libre utzi dute gaur 13:30ak aldera Martutene Donostiako kartzelan. Atarian zain zituen senideak eta lagunak. Bere osasun egoera larriaren ondorioz atera dute espetxetik -minbizia du-, baina kontrolpean izango dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez: eskumuturreko telematikoa jarri diote, uneoro non dagoen kontrolatua izan dezaten; 13:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arte etxean egon beharko du; ekimen politikoetan parte-hartze zuzena edo zeharkakoa izatea debekatu diote; eta astero Martuteneko espetxera joan beharko du sinatzera.

18/98 auzian zigortu zuten Elkoro, Egin egunkariaren Orain SA enpresako zuzendaritzan izandako arduragatik ETArekin zerikusia zuelakoan. 24 urteko kartzela jarri zioten, eta 2007ko abenduan atzeman egin zuten.

Baldintzapean asko utzi ondoren, 18/98 auziko epaia irmoa bihurtu zenean -Elkorori zortzi urtera jaitsi zioten zigorra-, iazko apirilaren 30ean berriro atxilotu zuten. Joan den abuztutik zeukaten Donostiako espetxean.

Mugituko Da plataforma

Irailaren 25ean haren askatasuna eskatzeko Hondarribia-Bergara kirol martxa antolatu zuen Mugituko Da plataformak. Donostia (Martutene), Hernani, Zarautz, Lekeitio, Elgoibar, Elgeta edota Antzuola zeharkatu zituzten lasterka, itsasontzian, igerian, bizikletan, piraguan eta traineruetan.

Elkoro urteetan izan zen Bergarako alkatea eta HBko Mahai Nazionaleko kidea. Espainiako Kongresuan bi legealditan izan zen HBko diputatu (1989-1993 eta 1993-1996), eusko legebiltzarkide ere bi bider izan zen (1984-1986 eta 1986-1990) eta bitan batzarkide Gipuzkoan (1983-1987 eta 1987-1991).

1989ko azaroaren 20an, Espainiako diputatu kargua hartu bezperan, atentatua pairatu zuen Madrilgo hotel batean; Josu Muguruza HBko kidea -eta diputatu kargua lortu zuena- hil zuten orduan.

Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskaera

AAMk gaixotasun larriak dituzten euskal presoak askatzeko eskatu du. Haren arabera, gaur egun eskizofrenia edo minbizia bezalako eritasunekin dauden sei lagun daude preso. Beste zortzi lagunek espetxealdi arindua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.