Omenaldia

Jose Maria Setienek, Iñaki Gabilondok eta Juan Zelaiak jasoko dute Gipuzkoako Urrezko Domina

Jose Maria Setien Donostiako gotzain ohiak, Iñaki Gabilondo kazetariak eta Juan Zelaia enpresaburuak Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko dute. Bost urtez sari hori banatu gabe egon ostean, ekimena berreskuratzea erabaki du Gipuzkoako Diputazioak, eta omenaldia hiru lagun horiei egitea erabaki du Gipuzkoaren zerbitzura lan egin duten "pertsona eredugarriak" direlako.

2003ko azaroaren 19a
16:30
Entzun
Juan Mari Arzak sukaldariak eta Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida artistek jaso zuten duela bost urte, azkeneko aldiz, Gipuzkoako Urrezko Domina. 1998tik halako ohorerik ez zaio egin inongo gipuzkoarri, baina ekimena berreskuratzea erabaki du Foru Ahaldundiak, eta gaur erabaki duenez, JoseMaria Setien Donostiako gotzain izandakoa, Iñaki Gabilondo kazetaria eta Juan Zelaia Cegasa pila enpresa sortu zuen enpresaburua izango dira saria jasoko dutenak.

Joxe Jan Gonzalez Txabarri Ahaldun nagusiak azaldu duenez, "urteko luzetako lan ibilbidea" dute hiru lagun horiek, eta balore sendoetan oinarritu dute jardun hori; halaber, "Gipuzkoako komunitatearen zerbitzura" aritu direla nabarmendu du, eta horren guztiaren gainetik, "pertsona eredugarriak" direla.

Oraindik ez dute zehaztu hiru omenduei saria emateko eguna, baina Eguberri bueltan izango dela aurreratu du Gonzalez Txabarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.