Politika

Jose Ramon Aranguren 18/98ko auzipetua hil da, bihotzekoak jota

2006an bihotzekoak eman zion, eta auzitik aparte epaitzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak; epaitzeke zuten oraindik. Orain SA atalean zeukaten auzipetua.

2009ko urtarrilaren 7a
18:49
Entzun
Jose Ramon Aranguren Iraizotz (Iruñea, 70 urte) 18/98ko auzipetua hil da gaur, bihotzeko baten ondorioz. Orain SA atalean inputatu zuten, Egin egunkariarekin lotuta. 1998ko uztailaren 15ean itxi zuten kazeta, Baltasar Garzon Espainiako Azuitegi Nazionaleko epailearen aginduz.

2005eko azaroaren 21ean hasi zen 18/98 auziko epaiketa, Madrilen, baina 2006ko maiatzaren hasieran bihotzekoak eman zion Arangureni, oporretan zegoela, eta auzitik aparte, bakarka epaitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak -epaitzeke zuten oraindik-. Fiskalak 48 urteko kartzela zigorra zeukan eskatua harentzat.

2007ko azaroaren 30ean, 18/98 auzian epaitutako 46 lagun atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak -epaiaren berri eman aurretik-, eta, Poliziak haiek atxilotu ondoren, auzipetuen bozeramaile lanetan ibili zen Aranguren, Iñigo Elkororekin batera.

2007ko abenduan Iruñean auziaren aurka egindako manifestazioaren bukaeran, kasu, hitza hartu zuen. "Hau oinez ibiltzea da, bidea egitea, duintasun erabatekoa", esan zuen. Haren arabera, hori ezin dute ulertu espainiarrek eta frantsesek. Hamar urte iraun zuen auziaren gainean "Espainiako inkisizioak" hartu zuen erabakia, Arangurenen ustez: "Herri bati espetxea eta Euskal Herriari nazio gisa heriotza".

Iruñeko Udalean HBko zinegotzi izan zen.

Gaizka Aranguren kazetariaren eta Asier Aranguren presoaren aita zen.

Ez dute hileta elizkizunik egingo, eta familiak eta lagunek omenaldia egingo diote hurrengo egunetan -oraindik ez dute zehaztu noiz izango den-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.