Jose Ramon Foruria euskal presoa etxean da atzodanik, gaixotasun larri eta sendaezina duela, Auzitegi Nazionalak kondena espetxean beharrean etxean bete dezan baimendu ondoren.
Foruria (Markina, 1950) 2003ko irailaren 21ean atxilotu zuten, Venezuela, eta hil bereko 24an Espainiaratu zuten. Dueñasko espetxera destinatuta bazeukaten ere, Basaurin zeukaten. Espetxean sartu eta gutxira maskuriko minbizia diagnostikatu zioten Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean. 2008an, gaitza berritu zitzaion, eta ordutik Basaurin zeukaten. Basurtuko ospitalera aldiro ateratzen zuten, probak eta kontsultak egitera. 2010ean berriro agertu zitzaion gaitza, eta horrek haren egoeraren larritasuna erakutsi zuen.
2004an, askatzeko eskatu zuten, baina Auzitegi Nazionalak ezezkoa erantzun zuen 2006an. Urte berean berriro eskatu zuen baldintzapeko askatasuna, eta berriro ukatu zion auzitegi berak, 2007an.
Etxerat elkarteak salatu du kontrol eta mugapen neurri zorrotzak jarri dizkiotela Foruriari, hura bezala kondena etxean betetzen ari diren beste zortzi euskal presok dituztenen antzekoak. «Neurri zorrotz horiek ez dute ahalbidetzen Jose Ramonek behar duen osasun asistentzia», ohartarazi du elkarteak.
Duela aste batzuk Jaiki Hadielkarteak, euskal preso eta errepresaliatuen asistentzia eta laguntza mediko-psikologikorako elkarteak, Foruriaren etagaixotasun larriak dituzten beste hamar presoren egoera salatu zuen. Foruriak bezala, beste hiru euskal presok (Mila Ioldik, Ibon Iparragirrek eta Txus Martinek) aske uzteko eskatu dute, beren egoera larriagatik, eta beste seik (Gotzone Lopez de Luzuriaga, Inma Berriozabal, Jose Angel Biguri, Iñaki Etxeberria, Jesus Mari Mendinueta eta Josetxo Arizkurenek) Euskal Herrira ekartzeko eskaera egin dute.
«Mobilizazioei esker»
Etxerat-ek esan duenez, Foruria etxean egotea ez litzateke posible izango, gaixorik diren presoak berehala askatzeko eskatzeko «herritar andanaren eta eragile ugariren ekimen eta mobilizazioak izango ez balira». Elkartearen arabera, «mobilizazioaren bidetik, indar metaketaren bidetik, guztiok konpromiso irmo eta sendoak hartzetik etorriko da gaixorik diren gainerako presoen etxeratzea, bizi guztiko dotrinaren indargabetzea eta sakabanaketaren bukaera».
Horregatik, Etxerat-ek nabarmendu duenez, herritar eta eragileak lan horretan jarraitzera «animatu» nahi ditu, «mobilizazioetan parte hartuz eta konpromiso berriekin aurrera eginez».
Jose Ramon Foruria euskal preso gaixoa etxeratu egin dute
Gaixotasun larri eta sendaezina du; duela gutxi salatu zuten haren eta beste bederatzi euskal presoren egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu