Joseba Agudo abokatua atxilotu du gaur Frantziako Poliziak, Hendaian (Lapurdi), Efe Espainiako berri agentziak 20:00etako teletipoan esan duenez. Hendaian bizi da abokatua.
Aurretik, goizean eta arratsaldean, Oiartzunen (Gipuzkoa), Alcampo merkatal gunearen ondoan, abokatuen bulego bat miatu du Guardia Zibilak, eta bulegotik material informatikoa eraman du. Besteak beste, Agudoren egoitza da hura.
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du Oiartzungo bulegoa miatzeko, talde terrorista batekin harremana izatea egotzita. Orduan, behintzat, ez dute inor atxilotu han.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) eguerdian ohartarazi du bazitekeela hurrengo orduetan "miaketa gehiago eta atxiloketak" gertatzea. Izan ere, gaur goizean Radio Television Españolaren (RTVE) web orrian Agudo atxilotu dutela irakur zitekeen. AAMk eguerdian zioen ezetz, ez zegoela atxilotua, baina "edozein unetan Guardia Zibilak operazioa martxan jar dezake, miaketa gehiagorekin eta atxiloketekin. Beraz, epe laburrean gerta daitekeenaren inguruan alarma piztu nahi dugu".
RTVEren informazioa salatu du AAMk. "Operazio hauen berri Espainiako komunikabide eta kazetari askok polizia operazioak burutu aurretik izaten dute, baita atxilotuak izan diren euskal herritarren zerrenda ere. Gaur goizean atera duten informazioa ez da akats edo gaizki ulertu baten ondorio izan. Komunikabide honek operazio bat egongo zela zekien, eta operatiboa eman aurretik eman dute informazioa". RTVEren albistean polizia operazioak irekita jarraitzen duela agertzen zen eta, horren aurrean, "Guardia Zibilak atxiloketak prestatuak" dituela ohartarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
politika
Joseba Agudo abokatua atxilotu dute, Hendaian
Guardia Zibila aurretik haren egoitza miatzen egon da ordu askoan, Oiartzunen. AAMk eguerdian iragarri du bazitekeela "miaketa gehiago eta atxiloketak" gertatzea hurrengo orduetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu