Horma irudi bat eskaini berri diote Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri, Donostiako Antigua auzoan, joan den igandean. Txillardegi Udal Liburutegia plataformak bultzatu du egitasmoa, idazlearen heriotzaren seigarren urteurrenean. Elkarteak Txillardegiren lanaren aitortza publikoa galdegin du beste behin.
Fito Rodriguez Txillardegi Udal Liburutegia elkarteko presidenteak omenaldian salatu zuen idazlearen ideologia dela haren aitorpen publikorako galga nagusia, eta Eneko Goia Donostiako alkateak ildo beretik hitz egin du gaur, Euskadi Irratiak egin dion elkarrizketan. Goiak adierazi duenez, "neurri batean" ados dago Txillardegik udalaren aitortza merezi duela diotenekin, baina "kontuz tratatzeko gaia ere bada", alkatearen hitzetan. Izan ere, TxillardegiETAren sortzaileetako bat izatea "arazoa" da, Goiaren iritziz. "Aldez aurretik beharrezkoak diren aliantza eta konplizitateak landu gabe sustatu dituzte ekimenak, eta modu horiek ez dute asko laguntzen", gaineratu du.
Joseba Alvarez Txillardegiren seme eta ezker abertzaleko kideak Twitterren erantzun dio Goiari, eta bere gertuko Donostiako Udaleko kargu bat, "EAJn dauden beste ETApm-ko kide ezagun batzuk bezala", ETA pm-ko kide izan zela esan du: "Eneko Goiari ahaztu zaio berak izendatutako Udaleko bere Gabinete Burua ETApm-ko kidea izan zela, EAJn dauden beste ETA-pm kide ezagun batzuk bezala. Baina ez dira Txillardegi. Arazoa ez da ETA".
Udalaren aitortzarik ezean, idazleak Donostiako espazio publikoan aitortza keinu bat izan dezan egin du horma irudia Txillardegi Udal Liburutegia plataformak. Txillardegi etxea zegoen lekuan egin dute. Handik hartu zuen berak izengoitia, eta hantxe egin zioten omenaldia 200 bat lagunek.
[youtube]https://youtu.be/O7B8Zph2S7c[/youtube]