Politika

Joseba Azkarraga ez da joan Espainiako erregeak parte hartu duen ekitaldira

Errege Etxeak nortasun agiria ematera "behartu" duelako egin dio uko Eusko Jaurlaritzako sailburuak. Bilbon eta Barakaldon da gaur Juan Carlos I.a, Confebask-en 25. urtemugan.

2008ko azaroaren 19a
16:56
Entzun
Juan Carlos I.a Espainiako erregea Euskal Herrira etorri da gaur, Confebask EAEko enpresa elkarteak mende laurdena bete duela-eta, eta Joseba Azkarraga (EA) Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua ez da eguerdiko ekitaldira joan, Espainiako Errege Etxeak aurrez nortasun agiria ematera "behartu" duelako. Azkarragak dio, bere karguagatik, aski ezaguna dela bera eta ez daukala identifikatu beharrik.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak kritikatu egin du Azkarraga, eta adierazi du hau ez dagoela "prestatuta" kontseilari izateko.

Eguerdian Bilbon izan da Espainiako erregea, Euskalduna Jauregian, mila laguneko ekitaldian parte hartzen, eta euskal enpresariak txalotu ditu "[ETAren] estortsioari aurre egiteagatik". Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria bertan izan da.

14:00etik Barakaldon (Bizkaia) da Juan Carlos I.a, BECen, enpresari talde batekin bazkaltzen. Arratsaldean Barakaldoko Antzokian izango da, baita Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren aurkezpenean ere.

Ezker abertzaleak bisita kritikatu du, "Espainiako monarkia Francoren erregimenaren jarraipena delako eta demokraziaren kontrakoa". Euskal Herriarentzat autodeterminazioa eskatu du, eta Ertzaintzak eragotzi egin dio Euskalduna inguruan elkartzea. LABek elkarretaratzea egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.