Joseba Egibar. EAJko GBBko presidentea
«ETAk armak alboratzeko prestasuna duen heinean, onerako da»
EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek alderdiaren izenean bezperan emandako mezuaren aurkakoa eman zuen atzo Joseba Egibar Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak. Ortuzarrek igandean alderdiko ekitaldi batean ETAren adierazpenaren garrantzia gutxietsi zuen; atzo, ordea, haren balioa onartu zuen Egibarrek, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan. Erakunde armatuak azken agirian dioena «bide zuzenetik» doala esan zuen Egibarrek; ETAk armak alboratzeko prestasuna adierazi duen heinean, onerako dela.
Ezker Abertzalea
«Eskura dugu Europan dirauen azken gatazka armatuaren konponbidea»
ETAren «urrats berriak» euskal eragileak «atzeraezina den bake prozesu demokratiko batean murgildurik» daudela erakusten duela dio ezker abertzaleak; «euskal herritarrok era baketsu eta demokratikoan gure etorkizuna libreki erabakiko dugun agertoki demokratiko batera eramango gaituen prozesuan». Eta «soilik bide politiko, baketsu eta demokratikoetan» oinarritu eta Mitchell printzipioak «erreferentzia» izango dituenalde askotako elkarrizketa prozesua garatzeko apustua «berretsi» du. «Gure erabakia erabatekoa eta absolutua da, eta estatu espainiarraren probokazioek ez dute baldintzatuko».
«Aukerari era aktiboan erantzuteko» eskatu dio nazioarteari, eta bereziki Europako estatu eta instituzioei. Izan ere, haren ustez, «eskura dugu Europaren bihotzean 50 urte baino gehiago dirauen azken gatazka armatuaren konponbidea». Euskal herritarrei ere «protagonista aktibo» izateko eskatu die, «guztion artean eraiki beharreko bake eta konponbide demokratikoaren agertokia eraikitzeko bermea» hori delakoan.
Juanjo Agirrezabala. Eusko Alkartasuneko legebiltzarkidea
«PSE eta PP alderdi interesei ematen ari dira lehentasuna, bakea lehenetsi beharrean»
PSE eta PP alderdiak izaten ari diren jarrerak ez du «harritu» Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasuneko legebiltzarkidea, baina, hala ere, «desilusioa» eragin dio: «Euskal Herrian irekitzen ari den garai berriaren aurrean begiak ixten tematuta daude, eta okerrena da horren arrazoi bakarra dela Legebiltzarrean duten gehiengo artifiziala galtzeko beldurra».
Bakea eta normalizazio politikoa «sekula baino gertuago» daudela ohartarazi du, eta, beraz, «alderdi guztien betebeharra» dela helburua «bueltarik gabeko errealitatea bihurtzeko baldintzak lehenbailehen prestatzea». PSEri eta PPri «alderdi interesei» lehentasuna ematea egotzi die, «bakea lehenetsi beharrean». Halaber, «oztopoak jartzeari uzteko» eskatu die, herritarrek nahi dutelako alderdiek konponbidea sustatzea.
Patxi Zabaleta. Aralarreko koordinatzaile nagusia
«Eragile guztiok egin behar dugu ahalegin handiagoa aukera berria bultzatzeko»
«ETAk beste aurrerapauso bat eman duela ezin da ukatu», Aralarren ustez, baina «indarkeriaren garaia bukatu dela argi azaltzeko tenorea» dela deritzo. Hala ere, Patxi Zabaletaren esanetan, «eragile guztiek, ETAk barne, herri honetan ireki den aukera berria bultzatzeko eta bide horretan sakontzeko ahalegin handiagoa egin behar dugu».
Espainiako Gobernuari «dei berezia» egin dio, jarrera «errotik» alda dezan, eta, «ilegalizazio eta errepresioaren estrategia baztertu eta gainditzeko», horrelabakean sakontzeko urratsak egiten has dadin. Patxi Lopez eta Miguel Sanz EAEko eta Nafarroako presidenteei «alderdien arteko adostasunak bilatu eta akordio politiko iraunkor baten oinarriak lortzen» saiatzeko eskatu die, «bakearen eta demokraziaren bidetik».
ETAk borroka armatua behin betiko eta modu egiaztagarrian eten behar duela dio. Halaber, eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatu behar direla. «Aralar helburu horretan saiatuko da, beste eragile guztiekin batera».
Mikel Arana. Ezker Batuaren koordinatzaile nagusia
«Eusko Jaurlaritzak urrats bat egin behar du, bake prozesua gauzatu dadin»
ETAk azken agirian «beste urrats bat» egin duela uste du Aranak, eta hori «desagerpena ikusarazteko pausoa» izan daitekeela. Hori dela eta, bake prozesua gerta dadin urratsa egin dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ere. «Ez dago aitzakiarik bazterketarik gabeko alde anitzeko alderdien foroa ez antolatzeko, eta hori egin dadin eskatuko du Ezker Batuak Eusko Legebiltzarrean; orain, Eusko Jaurlaritzari dagokio lidergo politikoari eustea eta bake prozesua bultzatzea».
ETAk ere gehiago egin behar duela uste du: «Indarkeria bere kabuz, behin betiko eta modu egiaztagarrian alboratu duelairagarri» behar du, Bruselako Adierazpenak hori dioela ohartarazita. Estortsioa eta kale erasoak eteteko ere eskatu dio.
Oskar Matute. Alternatibaren bozeramailea
«Nazioarteko bitartekarien parte-hartzeak bidea bueltarik gabea izatea ekar dezake»
«Bide onean doan urratsa» da ETAren azken agiria Matuteren ustez ere. Are gehiago nazioarteko bitartekariekin biltzeko prest dagoela azaldu duelako: «Nazioarteko bitartekarien parte-hartzeak bake prozesua bultza dezakete eta prozesuabueltarik gabea izatea eragitea».
Espainiako Gobernuak ere pausoak eman behar dituela dio Matutek; berak ere egin beharko lukeela Bruselako Adierazpenaren aldeko apustua: «Bake agertokirako bidean lehen elkargunea izan ahalko litzateke hori».
Lokarri
«Bitartekariekin urrats gehiago aztertzeko prest egoteak aukera garrantzitsua ireki du»
Eragile askok erabilitako hitz berekin baloratu du adierazpena Lokarrik ere: «Bide onean egindako urratsa da». ETAk ez duela behin betiko su-eten egiaztagarria agindu arrazoituta, adierazpena ez dela osoa esan du, baina, nazioarteko bitartekariekin ETAk eman beharreko pauso gehiago aztertzeko prestutasunaren garrantzia nabarmendu du: «Su-etena atzera ezina izateko aukera garrantzitsua irekitzen du».
Bake prozesua gero eta gertuago ikusten du Lokarrik, eta bide horretan bultzatzeko eskatu dio euskal gizarteari.
Ainhoa Etxaide. LABeko idazkari nagusia
«Eragileek gauzatu behar dute prozesua, baina Estatuaren eta ETAren ekarpenak behar dira»
Etxaideren hitzetan, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialak dira prozesua «gauzatu» behar dutenak. Horiek izan behar dute protagonista, herritarren bultzadarekin. Baina aurrera egin dezan, ETAren eta Espainiako Gobernuaren «ekarpenak» beharrezko direla ohartarazi du, eta horretarako gaitasuna izango duten esperantza azaldu du. «Hori bai, batzuk nahikoa ez dena egin dute, eta beste batzuk, aurrera egin ez dezan saiatzen ari dira», salatu du.
Aurrera egiteko «terapia, bide, akordio eta politika eredu berriak» behar direla esan du «eta horretan ari gara». Aldi berean, «ezker abertzalea bildu eta zuzenduko» duen alderdi berria sortzearen alde egin du.
Cecilia Malmstrom. Europako Barne komisarioa
«Ona da, baina ezin dut iritzirik eman Espainiako agintariekin hitz egin gabe»
«ETAk su-etena nahi izatea beti da positiboa», hasi da galderari erantzuten Europako Barne komisarioa, balorazio gehiagorik ezin duela egin esan aurretik. «Hau guztia Espainiako autoritateekin hitz egin behar dugu eta Batzordean ezin izan dugu gaia aztertu. Izatekotan, Espainiako Gobernuak izan beharko du gurekin hitz egingo duena, eta ikusiko dugu orduan».