atxiloketa

Joseba Urkijo atxilotu dute Laudion, zigorra betetzeko

'Kinito' ETAri Mexikon laguntza eman izana egotzita libre zegoen behin-behinean; hiru urteko kartzela zigorra du betetzeko. HBko Mahai Nazionaleko kidea izan zen 80ko hamarkadan. 1989an HBk Jose Amedo poliziaren konfidentea zela salatu zuen. 2003an Mexikon atzeman egin zuten, beste bost euskal herritarrekin, "ETAren talde logistikoarekin" lotura zutelakoan.

2009ko irailaren 25a
19:32
Entzun
Espainiako Poliziak Joseba Urkijo Borde Kinito atzeman du, Laudion (Araba), Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. ETAri Mexikon laguntza eman izana egotzita libre zegoen behin-behinean, eta zigorra osorik betetzeko atxilotu dute, polizia iturriek esan dutenez.

Kinito Herri Batasuneko (HB) Mahai Nazionaleko kidea izan zen 80ko hamarkadan. 1989an Mahai Nazionalak salatu zuen hura Jose Amedo Espainiako poliziaren konfidentea zela. Ustez, 1982an eskatu zion Amedok ezker abertzaleari buruzko informazioa eman ziezaiola. Urkijok 1989ko apirilaren 25ean aitortu egin zuen salataria izan zela, eta ihes egin zuen orduan.

2003ko uztailean Mexikoko Poliziak atxilotu egin zuen, Cancunen. Beste bost euskal herritar ere atzeman zituzten operazio berean, "ETAren talde logistikoarekin" lotura zutelakoan: Ernesto Alberdi, Felix Garcia, Jon Artola, Axun Gorrotxategi eta Asier Arronategi.

Mexikotik 2006an Espainiaratu zituzten, eta Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali zituen maiatzaren 19an. Sei lagunek esan zioten ETArekin ez zutela inolako harremanik, baina Grande Marlaskak preso sartu zituen behin-behinean.

2008ko urrian Baltasar Garzon epaileak, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboan Mexikon lan egiteagatik ETAko kide izatea egotzi zien seiei -Juan Angel Otxoantesanari ere leporatu zion gauza bera-, eta, epaiketa egite bidean, deklarazioa hartu zien. Epaileak agiri faltsuak egiteko taldeekin, finantza sarearekin eta logistika taldearekin lotu zituen, eta ETAren aginduak betetzen zituztela zioen. Seina urteko kartzela zigorra jarri zien Auzitegi Nazionalak. Urkijori hiru urte falta zaizkio zigorra betetzeko.

Aurretik, 2002ko azaroan, Garzonek inputatu gisa deitu zuen Urkijo Batasunaren aurkako auzian, baina ez zen azaldu. ETAko zuzendaritzako parte izatea egotzi zion, beste 21 laguni bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.