Auzitegi Nazionalak ebatzi du Ibazetaren hitzak ezin direla mehatxutzat hartu "ez dagoelako aukera errealik horiek betetzeko". Gaineratu du "taberna kontu bat" izan zela gertatutakoa. Iazko uztailaren 1ean Ibazetak Espainiako selekzioaren hiru jarraitzaileri oldartu zitzaien Donostiako Alde Zaharrean.
"Ezin da esan ahozko gertakari batek, taberna giroan eta futbol partida baten ondoren, ordena konstituzionala iraultzeko asmoa izan dezakeenik", dio epaimahaiak. Gaineratu du ezin dela frogatu Ibazetak eskuarekin pistola imintzioa eginez hiru jarraitzaileak mehatxatu zituenik.
Hori bai, esan dute epaileek frogatuta geratu dela "Gora ETA militarra" esan zuela, baina fiskalak horregatik auzipetu ez duenez, ezin dutela zigortu gaineratu dute.