Josu Esparzaren euroaginduaren aurka, igandean manifestaziora deitu dute

Jazarpen politikoa amaitzea aldarrikatuko dute Iruñeko Txantrea auzoan 17:00etan hasiko den protestan

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Iruñeko Txantrea auzoko Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eledun ohiak azaroaren hasieran bere aurkako euroagindu bati aurre egin behar dio. Esparzaren zein gaur egun bere militantzia politikoagatik espetxean diren Izaskun Goñi, David Soto eta Ander Maezturen egoera salatzeko, auzoko hainbat taldek manifestaziora deitu dute igandean, 17:00etan, Askatasun politikoen alde, errepresiorik ez, euroagindurik ez lelopean. Sabicas plazatik aterako da.

Josu Esparzak urtarrilaren 18ko polizia operazioari ihes egitea lortu zuen, eta geroztik Donibane Lohizunen bizi izan da. Bizitza publikoa egin badu ere, irailaren hasieran Frantziako Poliziak atxilotu egin zuen. Berehala, Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindua eskatu zuen, talde terroristako kide izatea egotzita. Irailaren 20ko auzi saioan, Esparzak aldarrikatu zuen bere jarduera «giza eskubideen urraketak zein torturak salatzera» mugatu dela eta militantzia politiko horregatik zigortu nahi dutela. Dena den, Paueko Auzitegiak euroagindua onartu zuen, eta defentsak helegitea aurkeztu zuen.

Auzitegi Gorenak erabaki behar du orain. Bitartean, Espainiako Auzitegi Nazionalak beste euroagindu bat eskatu du, bigarrena, Iruñeko 2009ko Korrikan presoen kartelak erakusteagatik terrorismoaren gorazarre egitea leporatuta. Paueko Auzitegiak azaroaren 4an erabaki behar du bigarren euroagindu horri buruz.

Ehundik gora auzipetu

Txantreako hainbat gizarte mugimenduk gogorarazi dute Josu Esparza auzokidearena ez dela kasu bakan bat. Salatu dute Nafarroan ezker abertzalearen zenbait esparrutan lan politikoa egiteagatik azken urteetan ehundik gora lagun auzipetu dituztela eta horietatik 34 gaur egun espetxean direla. Epaiketei aurre egin behar dietenean, gainera, zortzi eta hamar urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte euren aurka. Horiek dira, adibidez, Maeztu, Goñi eta Sotoren kasuak. Egoera salatzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.