Herenegun utzi zituzten Josu Narvaez Goñi eta Itziar Alberdi Uranga Espainiaren esku, ETAko kideak izatea egotzita astelehen goizaldean Mexikon atxilotutako euskal herritarrak. Astelehenean 15:00 aldera iritsi ziren Madrilera, Barajasko aireportura, eta gaur deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean. Mexikoko Poliziak eta Espainiakoak hartu zituzten atxilo, Puerto Vallartan, Mexikoko Jalisco eskualdean.
Ismel Moreno Espainiako Auzitegi Nazinaleko epaileak bi atxilotuak espetxeratzeko agindu du. Haien kontrako akusazioen berri eman die, eta ostiralean deklaratu beharko dute berriro, Javier Gomez Bermudez epailearen aurrean.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 22 urte zeramatzaten biek ihesi, eta hemezortzi hilketa leporatzen dizkiete. Ministerioaren arabera, ETAko Ekaitz taldea osatu zuten biek 1990ean, eta 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak boikotatzea zuten helburu. 1992ko martxoaren 21ean desegin zuten taldea, eta epe horretan hemezortzi lagun hil izana egotzi die Barne Ministerioak.
Besteak beste, hauxe leporatu diote Narvaez Goñiri: 1982ko apirilaren 17an Espainiako Poliziaren tanketa baten aurka egindako atentatuan pertsona bat hiltzea eta 1984ko apirilaren 13an Iruñean bonba-auto batekin bi polizia hiltzea. Alberdi, berriz, ETAko Madril taldeko kide izan zela eta hainbat atentatu egin zituela dio Poliziak. Ekaitz taldeko kidea izan zenean, besteak beste, Manuel Broseta Ponsen hilketan parte hartzea leporatu dio.
Ustezko bi etakideak bilatu eta atxilotzeko lau agindu emanak zituen Espainiako Justiziak, eta beste hainbeste agindu zeuden nazioartean haiek atzemateko, azkena 2001eko otsailaren 14an, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiarena.