Josu Uribetxeberria gaitz larri bat duen presoa erietxean dago ostegunetik

Biriketako nodulu bat dela-eta eraman dute Leongo erietxera; giltzurrunetako minbizia du 2005etik

Hodei Iruretagoiena
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Mansillako espetxetik (Leon, Espainia) Leongo Ospitalera eraman dute Josu Uribetxeberria preso arrasatearra. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, biriketako nodulu bat dela-eta mugitu dute Uribetxeberria. Ostegunez sartu zuten erietxean, baina, Etxerat-ek esan duenez, egun batzuk lehenago hasia zen ondoeza sentitzen. Zenbait egun horrela igarota, ostegunez larrialdietara eraman, eta han erabaki zuten ospitalera eramatea. Orain aurkitu diotenaz gain, lehendik ere gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 14 presoen zerrendan dago Uribetxeberria, giltzurrunetako minbizia duelako.

Uribetxeberriaren senideek ezin izan dute presoarekin harremanetan jarri, eta ez dute haren egoeraren inguruko berri zuzenik jaso. Izan ere, espetxe berean dagoen beste euskal preso baten senideengandik jakin dute Uribetxeberriaren egoeraren berri.

2005eko apirilean, tumore handi bat aurkitu zioten Uribetxeberriari ezkerraldeko giltzurrunean. Urte bereko maiatzean zenbait proba egin ostean, minbizia diagnostikatu eta ezkerreko giltzurruna kendu behar izan zioten. Hori dela eta, bizi osoan tratamendua jaso beharra dauka. Jaiki Hadi elkarteak dioenez, espetxean egon gabe ere, halako gaitzak berpizteko aukera %51koa izan ohi da bi urtean.

1987. urtean atxilotu zuten preso arrasatearra, eta 30 urtera zigortua izan zen. Hainbat alditan eskatu izan du baldintzapean aske uzteko. 2006an, gaixotasun larri eta sendaezina zuelako eskatu zuen, baina Espetxe Zaintzako Auzitegiak atzera bota zion eskaera.

Udalak ere salatu zuen egoera

Arrasateko Udalak joan den maiatzean onartu zuen Uribetxeberriaren eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainontzeko presoen askatasuna eskatzeko mozioa. Ekainean, Herrira mugimenduaren deiari erantzunez, mobilizazioa ere egin zuten herritarrek Arrasaten, eta Mansillako espetxera ere joan ziren herritarrak eta zinegotziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.