Euskal presoak

Josu Uribetxeberria presoari metastasia diagnostikatu diote

Giltzurruneko minbizia izan zuen duela bost urte; mediku zein sendiak askotan ohartarazi dute gaitzak berritzeko zuen arriskuazArrasaten 800 lagunek manifestazioa egin zuten atzo, presoa aske uzteko eskatuz

800 lagun bildu ziren atzo Arrasaten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien- Hodei Iruretagoiena
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aurreikuspenik txarrenak bete dira: Josu Uribetxeberria presoari berpiztu egin zaio minbizia eta metastasia du. 2005ean izandako minbizia berpizteko arriskua zegoela bazekiten familiakoek eta medikuek, eta alarma guztiak piztu ziren joan zen astean, presoa erietxera eraman zutenean. Hiru nodulu topatu zizkiotela jakinarazi zuen Etxerat-ek herenegun, biriketan zituela bi eta buruan bat, baina artean diagnosi zehatzik ez zutela. Atzo jakin zen, presoari minbizia berpiztu zaiola. Etxerat elkarteak prentsaurrekoa emango du gaur Arrasaten (Gipuzkoa) presoaren egoeraren berri zehatzago emateko.

Gaixotasun larriak dituztelako berehala libre utzi beharreko 14 euskal preso politikoen zerrendan dago Uribetxeberria. 2005ean giltzurruna kendu behar izan zioten gaitzagatik —ezkerreko giltzurrunean tumore handi bat topatu zioten—. Orduan gainditu zuen gaitza, baina kasu horietan arriskua handia izaten da hura zabaltzeko edo berpizteko, eta are gehiago espetxean. Izan ere, bere konfiantzazko mediku Endika Intxaustik herenegun ohartarazi bezala, ezinezkoa da espetxean behar bezalako jarraipena egitea, eta froga eta azterketa zorrotzak egin behar zaizkio halako gaitza gainditzen duenari.

1987. urtean atxilotu zuten preso arrasatearra, eta 30 urteko zigorra jarri zioten. Hainbatetan eskatu du baldintzapeko askatasuna, eta 2006an, adibidez, gaixotasun larri eta sendaezina zuelako aske uzteko legeak ematen duen aukera aplikatzeko eskatu zuen. Espetxe Zaintzak ez zion ordea eskaera onartu.

Elkartasuna Uribetxeberriari

Egoeraren larriaz jakitun, hainbat mobilizazio izan dira Uribetxeberria aske uzteko. Esate baterako, atzo 800 lagun bildu ziren Arrasaten, manifestazioan. Arrasateko Udaleko ordezkariak Mansillako (Leon) espetxeraino ere joan ziren ekainean, presoa aske uzteko eskatzera. Mozioa onartu zuten udaletxean.

Herrira mugimenduko kideek ere gogoan izan zuten atzo Uribetxeberria. Goizean ekitaldia egin zutenean oraindik ez zekiten Uribetxeberriaren diagnosi zehatza, baina kezkatuta zeuden hala ere. Izan ere joan den uztailaren 19tik dago Leongo ospitalean (Espainia) preso arrasatearra, Mansillako espetxetik hara eramanda. Esnalek elkartasuna helarazi zien Uribetxeberriari berari eta haren senideei, eta gogoratu zuen presoak, giltzurruneko minbizia jasan ostean, tratamendua derrigorrezkoa duela bizi osoan zehar: «Hori bateraezina da espetxean egotearekin», gaineratu zuen. Presoa «berehala» askatzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.