Joxe Mari Olarra (Tolosa, 1957) 18/98 auzian zigortutako ezker abertzaleko militantea aske geratu da, haren inguruko iturriek BERRIAri adierazi diotenez. Lamako (Pontevedra, Galizia) kartzelan zegoen.
18/98 auziko Xaki atalean epaitu eta zigortu zuten Olarra. Espainiako Auzitegi Nazionalak hamahiru urteko kartzela ezarri zion 2007ko azaroan, baina gero Gorenak zortzi urte eta erdira jaitsi zion.
HBko Mahai Nazionaleko kidea zela alderdiak ETAren Alternatiba Demokratikoa bideoa zabaltzeagatik, 1997-1999 artean urtebete eta zazpi hilabete kartzelan pasatu zituen, eta aldi hori kontuan hartu du espetxe epaileak orain Olarra libre lagatzeko, Iñigo Iruin abokatuaren eskaera onartuta.
ETAk 1995ean plazaratu zuen Alternatiba Demokratikoa, ia hogei urte lehenagoko «KAS Alternatiba gaurkotzearen ondorioz». Euskal Herriaren aitorpena eta autodeterminazioa aintzat hartu behar zirela zioen ETAk. HBko Mahai Nazionalak 1996ko Espainiako hauteskundeetan ETAren eskaintza haren bideoa erabili zuen, eta, Auzitegi Nazionalaren aginduz, 1997ko otsailean Mahai Nazionaleko kideak behin-behinean kartzelatu egin zituzten —apirilean bermea ordainduta libre atera ziren; tartean zen Olarra—. Gorenean, epaiketa izan zen urte bereko bukaeran; zazpina urteko kartzela zigorra ezarri zieten, eta abenduan espetxean sartu zituzten. Konstituzionalak 1999ko uztailean absoluzio eman zuen, eta libre atera ziren.